Udalekuaren helburua musika-ikaskuntza modu ludiko, sortzaile eta parte-hartzailean sustatzea, eta, aldi berean, musikaren bidez elkarbizitzarako eta talde-lanerako espazioak sortzea da. Horretarako, egitaraua bi multzotan banatuko dute: batetik, musikari gazteentzako instrumentu-masterclassak eskainiko dituzte; eta, bestetik, 4 eta 11 urte bitarteko umeentzako musika-tailerrak.
Instrumentu-masterclassak banda sinfonikoko instrumentuak jotzen dituzten ikasleei zuzenduta egongo dira; hala nola oboea, flauta, klarinetea, fagota, saxofoia, tronpa, tronpeta, tronboia, tuba edo perkusioa jotzen dituztenei. Parte-hartzaileek banakako eta taldeko eskolak, talde-entseguak eta maila bakoitzera egokitutako prestakuntza tekniko eta interpretatiboa jasoko dituzte.

Gainera, irakasleen artean musika arloko hainbat profesional egongo dira, tartean Bilbao Orkestra Sinfonikoko kideak eta Xabier Lijo, Nestor Sutil, Sandra Ibarretxe, Ruben Ferreira, Iñaki Bermudez, Luis Fernando Nuñez, Carlos Roda, Alberto Urretxo, Vicent Lopez eta Vicent Zaragoza.
Masterclassak goizez eta arrastiz egingo dira, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Espezialitate bakoitzean gutxienez lau plaza eta gehienez hamabi egongo dira. Prezioa 80 eurokoa izango da Leioako Kontserbatorioko ikasleentzat edo Leioako Musika Bandako kideentzat, eta 120 eurokoa gainerako ikasleentzat.
Bestalde, umeentzako musika-tailerrak 4 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo dira, aurretiazko musika-ezagutzak izan ala ez. Jardueren artean musika- eta erritmo-jolasak, kanturako eta mugimendurako hastapenak, soinu-sormeneko tailerrak eta haurren abesbatza txikien sorrera egongo dira. Tailerrak 10:00etatik 14:00etara egingo dira, eta 09:00etatik aurrera sarrera goiztiarra egiteko aukera egongo da. Modalitate horren prezioa 30 eurokoa izango da Leioako Kontserbatorioko ikasleentzat edo Leioako Musika Bandako kideentzat, eta 40 eurokoa kanpoko parte-hartzaileentzat.
Udalekuari amaiera emateko, uztailaren 3an, publikoari irekitako kontzertua egingo dute, 13:30ean. Bertan, ikasleek astean zehar landutakoa erakutsiko dute, adin eta mailaren araberako emanaldien bidez, baita banda eta abesbatzaren arteko interpretazio bateratuekaz ere.
Izena emateko epea ekainaren 1etik 14ra egongo da zabalik, udal egoitza elektronikoan eta Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan. Plazak zozketatu behar izanez gero, zozketa ekainaren 16an egingo dute, eta behin betiko zerrendak ekainaren 18an argitaratuko dituzte.