Sortutako panelak Leioako Begiradak erakusketaren parte izango da. Lan horren bidez, elkarteko kideek erakutsi gura izan dute Leioan bizitzeko, leioaztar sentitzeko eta herria maitatzeko modu asko daudela.
Erakusketa Udondoko bulebarrean egongo da ikusgai maiatzaren 25era arte. Ondoren, Lamiakoko Juan Ajuriaguerra plazara eramango dute, ekainaren 15etik uztailaren 6ra; gero, San Bartolome plazan egongo da abuztuaren 31tik irailaren 21era; Txorierriko Manuel Irujo plazan urriaren 19tik azaroaren 9ra; eta, azkenik, Kultur Leioan, Errekalde plazan, abenduaren 7tik 2027ko urtarrilaren 4ra.

Aurkezpenaren ondoren, Gaudeko kideek Begitxu urteurreneko furgonetan parte hartu dute, Orainaren Begiradak horma-irudi komunitariorako erretratuak eginez. Argazki-estudio ibiltaria Leioako auzoak zeharkatzen ari da herritarren argazkiak egiteko, eta dagoeneko 1.600 erretratu baino gehiago egin ditu. Helburua 2.026 argazkira iristea da, leioaztarrek Leioarentzat egindako horma-irudi erraldoia osatzeko.
Bestalde, Udalak gogorarazi du ekainaren 5ean Reading Light, Leioako Artxibo Sekretuaren amaiera-ekitaldia, egingo dela Errekalde baserrian, 19:30etik aurrera. Bertan, herritarrek partekatutako kontakizun intimo eta anonimoen artean saritutakoak ezagutaraziko dituzte, irakurketa publiko berezi baten bidez.
Leioaren 500. urteurreneko kamiseta ofiziala ere salgai dago dagoeneko Begitxu furgonetan. Gainera, uztailean eta abuztuan, Udalak astero aukeratuko du ausaz urteurreneko bandera balkoian jarrita duen etxe bat, eta etxebizitza horrek sari berezia jasoko du.