EGITARAUA

Lamiako Maskaradak euskal mitologiaz beteko du auzoa

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 25a

Lamiako Maskaradak auzoaren jaiei hasiera emango die.

Lamiakoko auzoak bere hitzordu berezienetako bat biziko du maiatzaren 29an, barikuan: Lamiako Maskarada. San Maximo jaien hasieragaz batera egingo dute, eta beste urte batez, musika, dantza, antzerkia eta euskal mitologia uztartuko ditu auzoan.

Maskarada 1979an sortu zen, eta ordutik auzoko jaien ardatz nagusietako bat bihurtu da. Lamiak, Mari, Sugaar, Aker, Ieltxu eta beste hainbat pertsonaia mitologiko izango dira protagonistak, Prudentziaren kondairaren inguruan eraikitako ikuskizunean. Tradizioaren arabera, Prudentzia, senarra eta semea galdu ondoren, Lamiakon bere samina negarrez ari zela, lamien kantua entzun eta haietako bat bihurtu zen.

Eguna 16:30ean hasiko da, San Maximo jaiei hasiera emango dien txupinazoagaz. Maskaradaren lehen zatia 17:30ean abiatuko da, Putzagilearen biribilgunetik aterako den kalejiragaz. Maiatza pertsonaiak gidatuko ditu herritarrak, erraldoiak, fanfarrea eta auzokideez osatutako kateagaz batera, fanfarrearen erritmoan.

Bigarren zatia 18:00etan izango da, Lamiako metro geltoki ondoko lamiaren estatuan. Bertan, Mari eta Sugaarrek pertsonaia mitologikoak aurkeztuko dituzte, auzoan zehar egingo den ibilbidean. Musikak, dantzek eta adarraren deiak gidatuko dute kalejira auzoko hainbat puntutatik.

Gauean, 22:30ean, azken emanaldia egingo dute elizaren inguruan. Akelarreak itxiko du eguna, musika, dantza eta suagaz, arrastian aurkeztutako izaki mitologikoak berriro protagonista bihurtuta.

San Maximo jaiak, hala ere, ez dira barikuan amaituko. Maiatzaren 30ean, zapatuan, putxera txapelketa, emakumezkoen pala txapelketa, igel-toka, puzgarriak, umeentzako jolasak, dantza, txorizada eta kontzertuak egongo dira. Gauean, LSB taldearen kontzertua izango da, eta ondoren Iban arduratuko da musikaz.

Maiatzaren 31n, domekan, gastronomia lehiaketa, San Maximoren omenezko meza, umeentzako puzgarriak, txapela jaurtiketa txapelketa, mozorro lehiaketak, play-back lehiaketa eta TXAPELAS taldeagaz tardeoa izango dira. Sarien banaketaren ondoren, sardinaren hileta eta azken traka egingo dituzte, hiru eguneko jaiei amaiera emateko.

Lamiakoko jaiek eguraldia izango dute lagun eta beraz, giro ederra izango da. Jantziak prestatu eta hurbildu auzora gozatzera!

Maiatzak 29, barikua

  • 16:30 Txupinazoa eta 2026ko San Maximo jaien hasiera!
  • 17:00 Balkoia dekoratu auzoari giroa emateko eta, horrela, balkoi lehiaketan parte hartu.
  • 17:30 Lamiako Maskaradaren lehenengo zatiaren hasiera, Putzagilearen Biribilgunetik. Anima zaitez, jantzi baserritarrez eta biribilketara etorri.
  • 17:30 Lamiako jaietako VII. Argazki Txapelketaren hasiera. Argazki-kamera hartu eta prestatu aste-akabu osoan argazkirik onena egiteko; bi argazki aurkeztu ahal izango dira pertsona bakoitzeko.
  • 17:30 VII. Marrazki Txapelketa. Prestatu marrazki on bat aurkezteko.
  • 18:00 Lamiako Maskaradaren bigarren zatia, Lamiako metro geltokiaren ondoan.
  • 21:30 Dantzatu ondoren, zatoz txosnara ogitartekoa jatera.
  • 22:30 Lamiako Maskaradaren hirugarren zatia. Joan korrika lekua hartzera, eliza ondoan.
  • 00:00 Erromeria, SEITTU taldearen eskutik.
  • 04:00 Azken tragoa hartu txosnan, hau bukatzear dago eta!

Maiatzak 30, zapatua

  • 08:00 Etorri zure sukaldari trebetasunak erakustera: Lamiakoko XI. Lapiko Txapelketa. Txosnan apuntatu, Merkatarien Elkartearen laguntzagaz.
  • 10:00 Txupinazoa! Jaiki denok eta gozatu jaietako bigarren egunaz.
  • 10:30 III. Emakumeen binakako pala txapelketa, teniseko pilotekin, eskolako frontoietan.
  • 11:00 Adin guztientzako puzgarriak eta jolasak.
  • 11:30 Makarrak kendu eta zatoz txosnara; itxaroten gaude.
  • 13:30 Igel txapelketa, txosnan.
  • 14:00 Lapikoak aurkeztu; gure sukaldarien emaitzak ikusiko ditugu.
  • 16:00 Lapiko Txapelketaren sari-banaketa.
  • 18:00 Adrian dator auzoa dantzatzen jartzeko.
  • 20:00 Jai-batzordeak txorizoa sagardotan dastatzera gonbidatzen zaituzte. Ez galdu aukera!
  • 22:00 Kontzertua, LSBren eskutik.
  • 00:00 Musikotea, Ibanen eskutik.
  • 04:00 Etorri txosnara azken tragoaren bila; ez joan!

Maiatzak 31, domeka

  • 10:00 Txupinazoa! Animo, azken ahalegina.
  • 10:30 Txosnara etorri eta eman izena V. Plater Irekian. Prestatu zure platerik onena txapelketarako; kalean sukaldatu.
  • 11:00 Meza, San Maximo patroiaren omenez.
  • 11:00 Etxeko txikienekin gozatzeko umeentzako puzgarriak.
  • 11:45 Dantza ekitaldia.
  • 12:30 Argazki txapelketako argazkiak entregatu, txosnan.
  • 12:30 Marrazki txapelketako lanak entregatu, txosnan.
  • 13:00 Herri-kirol erakustaldia.
  • 14:00 XX. Txapela jaurtiketa txapelketa.
  • 14:30 Txosnan aurkeztu zure platera, Plater Irekia lehiaketarako.
  • 17:00 Umeen mozorro lehiaketa.
  • 17:30 Lamiakoko XIX. Playback Txapelketa, adin-mugarik gabe.
  • 18:00 Arrasti girotua, TXAPELAS taldeagaz.
  • 19:00 Mozorro lehiaketa.
  • 20:00 Sari-banaketa. Irabazleetariko bat izango zara?
  • 21:00 Sardinaren lur-ematea. Jantzi arropa beltza!
  • 22:00 Azken traka eta 2026ko jaien amaiera. Ondo pasatu izana espero dugu!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun