Leioako haur eta nerabeek udalerria hobetzeko proposamenak bozkatu ahal izango dituzte

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 25a

Formularioak entrgatzeko hautestontziak jarriko dituzte Leioako hainbat guneetan.

Leioako Umeen Kontseiluak Haurren Aurrekontu Irekien bozketa-fasea abiatu du gaur. Ekimenaren bidez, 5 eta 15 urte bitarteko ume eta nerabeek udalerria hobetzeko sei proposamenen artean bozkatu ahal izango dute ekainaren 5era arte.

Proiektuaren lehen fasean, proposamenak jasotzeko aldian, 400 ume eta gazte inguruk hartu zuten parte, eta guztira 1.000 ideia inguru helarazi zituzten. Ondoren, jasotako proposamenak bideragarritasun tekniko eta ekonomikoaren arabera aztertu dituzte, eta horietatik sei aukeratu dituzte bozketa-fasera igarotzeko.

Bozkatu ahal izango diren proposamenak honako hauek dira: Gabonetako Haur Parkea handitzea, Gazteguneko materiala hobetzea eta modernizatzea, pump track bat sortzea, Ondizen kirol-gune bat egitea, futbito-zelaia eta saskiakaz, zuhaitz-landaketa handitzea eta udalerrian ping-pong mahaiak jartzea.

Bozketa telematikoki egin ahal izango da, online formularioaren bidez, edo aurrez aurre. Horretarako, hautestontziak jarriko dituzte Kultur Leioan, Errekalde plazako ludotekan, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan, Udalean eta Gaztelubiden, Kiroldegian eta Gaztegunean.

Leioako Udalak 200.000 euro bideratuko ditu babes gehien jasotzen duten eta bideragarriak diren proposamenak gauzatzeko. Ekimen irabazleak 2027ko Udal Aurrekontuen proiektuan sartuko dituzte, ondoren garatu ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun