Leioa duela 25 urte lurperatutako "altxorrak" berreskuratzen hasi da

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 27a

Irailaren 19an parte-hartzaileek beren altxorrak berreskuratzeko aukera izango dute. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udala duela 25 urte udalerriko haur eta gazteek lurperatutako "altxorrak" berreskuratzen hasi da. "Leioak altxor bat du" ekimenaren barruan, parte-hartzaile bakoitzak tupper batean gorde zuen beretzat berezia zen objektu, oroigarri, mezu edo sinboloren bat, eta ontzi horiek Etxebarrikoena kaleko lorategi batean lurperatu zituzten, udaletxe ondoan.

Udalaren aurreikuspenen arabera, 2.000 tupper inguru berreskuratu ahal izango dituzte. Ontziak bost edukiontzitan gordeta zeuden, eta udal langileak horiek lurpetik ateratzen eta udal-bulegoetara eramaten hasi dira. Han, tupper bakoitza sailkatu, kodetu eta katalogatzeko lana egingo dute. Ekimenaren jatorrizko mezua Leioako Udalak sare sozialetan ere gogora ekarri du, duela 25 urte herriko ume eta gazteek udaletxe alboko eremu batean beren altxorrak lurperatu zituztela azalduz.

Jatorrizko lurperatzea 2000. urtean egin zuten, ekitaldi publiko eta komunitario batean. Udalaren arabera, herriko azken hamarkadetako ekimen sinbolikoenetako bat izan zen, eta Herrigune egitasmoaren abiapuntutzat ere hartzen da, herritarren parte-hartzea eta ikaskuntza kolektiboa bultzatzeko helburuagaz.

Orain, mende laurden geroago, parte-hartzaileek beren altxorrak berreskuratzeko aukera izango dute irailaren 19an, Udalak antolatzen duen Oinezkoen Pasabiderako Martxa Herritarraren barruan. Ibilaldia Pinosolo parkean amaituko da, eta han egongo dira tupperrak, jabeen zain. Udalak aurreikusi du jardunaldia belaunaldien arteko topagune hunkigarria izatea, oroitzapenak, emozioak eta istorio partekatuak ardatz hartuta.

Gainera, parte-hartzaileek baimena emanez gero, tupperretan gordetako edukia herritarrei irekitako erakusketa grafiko baten parte izan ahal izango da. Helburua ekimenaren inguruan sortutako memoria emozionala eta kolektiboa gordetzea zein partekatzea da.

Udalak, hala ere, proiektuari jarraipena eman gura dio belaunaldi berriak ere tartean sartuz. Horregatik, Pinosoloko baserrian, herriko umeek tupper berri bat eskatu ahal izango dute, etorkizunerako gorde gura duten objektu, mezu edo oroigarriren bat bertan uzteko. Altxor berriak urriaren 31n lurperatuko dituzte, Leioaren 500. urteurrenagaz bat eginez, eta beste 25 urte barru berriro irekitzeko konpromisoa hartuko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun