Enkanteran parte hartu ahal izango dute Leioan erroldatutako adin nagusiko pertsonek, betiere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean badituzte. Udalaren arabera, helburua gaur egun udal funtzionamendurako beharrezkoak ez diren aktiboak erabiltzea eta, aldi berean, inguruko aparkaleku-aukerak hobetzea da.
Partzelak salgai jartzeak lotura du inguruan egingo diren aldaketakaz; izan ere, etorkizuneko institutua eraikitzeko lanen ondorioz, eremu horretako aparkaleku-kopurua murriztu beharko da. Horregatik, Udalak aukera "egonkor eta ordenatua" eskaini gura die garaje-plaza bat eskuratu gura duten bizilagunei.
Prezioak eta balorazioa
Enkanterara aterako diren partzeletatik 25ek 10 eta 18 metro koadro arteko azalera dute; beste biak, berriz, 30 metro koadroko partzela itxiak dira, trastelekua dutenak. Irteera-prezioa udal-zerbitzuek egindako tasazioaren arabera ezarri dute: trastelekua duten partzelek 34.700 euro inguruko prezioa izango dute, eta gainerakoek 16.668 eta 18.709 euro artekoa, tamainaren arabera.
Eskaintzak baloratzeko, proposamen ekonomikoak izango du pisu nagusia: eskaintzarik abantailatsuenak 95 puntu jasoko ditu, eta gainerakoak proportzioan puntuatuko dira. Beste 5 puntu ordainketa aurreratua egiteagatik lortu ahal izango dira; hau da, esleipendunak zenbatekoa esleipena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera 15 egun balioduneko epean ordaintzen badu.
Berdinketarik egonez gero, lehentasuna izango dute lehenik Ikeabarri plazatik gertu garajerik ez duten eraikinetako bizilagunek, eta ondoren, inguruko garajea duten etxebizitzen jabeek. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, zozketa egingo da puntuazio bera duten eskatzaileen artean.
Eskaintzaile bakoitzak gehienez bi plaza aukeratu ahal izango ditu, baina bigarren partzela soberakinak daudenean baino ez zaio esleituko; hots, eskaintza balioduna aurkeztu duten pertsona guztiek plaza bat eskuratzeko aukera izan ondoren.
Eskaintzak eta bisitak
Eskaintzak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, www.contratacion.euskadi.eus webgunearen bidez, “Elektronikoki lizitatzea” atalean. Eskaintza formalizatzerakoan, interesdunek 100 euroko bermea jarri beharko dute; erosketa egiten bada, zenbateko hori azken preziotik deskontatuko da, eta bestela, itzuli egingo da.
Izapide telematikoak egiteko zailtasunak dituzten herritarrek KONECTA zerbitzua erabili ahal izango dute; hau da, Errekalde plazan astelehen, eguazten eta barikuetan, eta Langilerian martitzen eta eguenetan, 09:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara.
Interesdunek partzelak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute ekainaren 4an, eguena. Eta horretarako, bi bisita-txanda antolatu dituzte: 12:00etan eta 18:00etan. Bisitak 20 eta 30 minutu artekoak izango dira, eta abiapuntua anbulategian izango da. Ez da derrigorrezkoa izena ematea, baina Udalak gomendatu du bisitan parte hartu gura dutenek idazkaritza@leioa.eus helbidera idaztea, izen-abizenak eta aukeratutako txanda adierazita.
Pleguei buruzko zalantzak argitzeko, berriz, erosketak@leioa.eus helbidera idatzi beharko da.