Leioa Gastro+LABek algak bihurtu ditu herria kontatzeko osagai

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 1a

Aurkezpena esperientzia sentsorial moduan egin dute. © LEIOAKO UDALA

Leioa Gastro+LAB ekimenaren hirugarren edizioak algak jarri ditu erdigunean, udalerriaren nortasuna gastronomiaren, zientziaren eta tokiko paisaien bidez kontatzeko. Mendibile Jauregian aurkeztu dute proposamena, Leioako Udalaren, Leioako Ostalaritza Eskolaren eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia Sailaren arteko elkarlanaren emaitza gisa. 

Aurtengo edizioan, mikroalgak eta makroalgak erabili dituzte hiru koktel sortzeko, bakoitza Leioako paisaia edo izaera bategaz lotuta. Edariek alkoholik gabeko bertsioa ere badute, eta bakoitza lurraldean eta zapore naturaletan inspiratutako pintxo bategaz aurkeztu dute. Prozesuan ikasleek eta irakasleek hartu dute parte, zientzia, sormena eta ostalaritza uztartuz.

Lehenengo proposamena Vermut Leioa da, udalerriaren alde urbanoagoari lotutako koktela. Vermuta eta ginebra alga chlorellagaz infusionatu dituzte, eta laranja eta beste osagai batzuekaz osatu dute, zapore fresko eta berezidun edaria lortzeko.

Bigarrena, Cocktail Baserri, Leioako landa-paisaiari eta iparraldeko ingurune berdeari keinu egiten dion proposamena da. Bizkaiko txakolina, laranja, sagarra eta meloia uztartzen ditu, alga eta limoi-apar leun bategaz. Hirugarrena, Cocktail Marinerri Zero, alkoholik gabeko edaria da, Nerbioi itsasadarraren eta Leioak itsasoagaz izan duen loturaren omenez sortua; laranja, melokotoia, anana eta granadina ditu oinarri, alga-ukitu bereziagaz.

Aurkezpena esperientzia sentsorial moduan egin dute: koktel eta pintxoen dastatzea argiekaz, musikagaz eta paisaien irudiakaz lagundu dute, edari bakoitzaren inspirazioa hobeto azaltzeko. Hala, Leioako paisaia urbanoak, baserri-inguruak eta itsasadarraren memoria zapore bihurtu dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun