Azken hilabeteetan, ekimenak herritarrak gonbidatu ditu kontakizun intimo eta anonimoak partekatzera. Helburua Leioaren memoria emozionala osatzea da; hau da, sekretuen, oroitzapenen, bizipenen eta inoiz kontatu gabeko istorioen bidez herriaren beste mapa bat marraztea, ikusezina baina oso hurbilekoa.
Reading Light gaualdian, lehiaketako testu irabazleak lehen aldiz irakurriko dituzte jendaurrean. Hori guztia giro intimoan egingo dute, ilunpeko espazio batean eta irakurketa-argi bakar baten pean. Gainera, egileen anonimotasuna une oro errespetatuko dute.
Ekitaldia Denboraren Optikoak gidatuko du, urteurrenaren harira sortutako figura sinbolikoak. Pertsonaia horrek artxibo hori ireki eta kontakizunei ahotsa emango die, entzuleak istorio bakoitza arretaz entzutera gonbidatuz.
Leioako Udalaren arabera, ekimenak erakutsi gura du herri baten historia ez dela soilik gertakari handiakaz eraikitzen; askotan, isilean gordetako emozioek, oroitzapenek eta bizipenek ere osatzen dute herri baten nortasuna.
Gaualdiaren amaieran, bertaratutakoek mokadu batzuk partekatzeko aukera izango dute. Gainera, epaimahaiak hautatutako kontakizunak argitalpen kolektibo batean bilduko dituzte, Leioako 500. urteurrenaren testuinguruan sortutako memoria emozional hori etorkizunerako ondare bihurtzeko.