SD Leioak, amesten jarraitzeko txartela eskuratu du.

Xabi Mendia 2026ko ekainaren 8a

SD Leioa garaipena ospatzen. ©SD Leioa

Iker Muniainek zuzentzen duen Derio taldea kanporatu ostean, datorren aste-akabuan, 2ºRFEF mailara igotzeko txartela banatuko duen finalaren joaneko norgehiagoka jokatuko dute Gaztela-Mantxako Atletico Albaceteren aurka.

Azken pausoa baino ez zaie geratzen Jon Castrillok zuzentzen dituen mutilei; azkena baina, akaso, zailena. Josu Justek lortutako golari esker, Txorierriko Derio taldeari 1-0 irabazi ostean, Sarrienakoak jada lanean jo eta ke dabiltza, begiz jota duten igoera-txartela eskuratzeko asmoz.

Leioak hasieratik amaiera bitartean kontrolpean izan zuen bueltako partida, aukerarik onenak etxekoen oinetatik sortu zirelarik. Castrillok antolatutako partida-egitasmoa zuzentasun osoz islatu zuten bere jokalariek, bertaratu ziren 1.000 ikusleek garaipenarena gertuago ikusten zuten bitartean.

Bigarren zatian, Muniainen mutilek aurrera-pauso nabarmena eman bazuten ere, leioaztarrak ez ziren inondik-inora urduri ipini eta arauzko denbora amaitzear zegoela, Goikoetxearen jaurtiketa baten osteko aldaratzea Justek jaso eta baloia sareratu zuen.

Merezimendu osoz finalerako txartela eskuratu arren, SD Leioak azken erronka nahasi bati egin beharko dio aurre. Atletico Albacete taldea ez da aurkari samurra izango aste-akabu honetan Ciudad Realeko Club Deportivo Manchego talde boteretsua karrikaratu baitu. Joanekoan 2-0 galdu ostean, atzo (domeka) Albacetekoek, kanporaketa modu ikusgarrian irauli zuten. 3-0 etxean irabazi eta finalerako txartela sakelara. Morientes jokalari gazteak erdietsitako golatzarrek (Tomas Inglesek bestea) sutan jarri zuten Carlos Belmonte zelaia.

Aipatu moduan, datorren aste-akabuan jokatuko da Bigarren RFEF mailara igotzeko final handia. Lehen partida Sarrienan, bestea Albacete aldean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun