Leioako umeek kirola eta natura lehenetsi dituzte Haurren Aurrekontu Irekietan

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 10a

Udalak guztira 300.000 euro bideratuko ditu proiektu honetara. © LEIOAKO UDALA

Leioako ume eta nerabeek euren ahotsa entzunarazi dute, eta argi utzi dute zer gustatuko litzaiekeen herrian izatea: jolasteko eta kirola egiteko espazio gehiago, eta Leioa berdeago bat. Haurren Aurrekontu Irekien edizio berrian, Ondizen kirolgune bat sortzea, pump track bat eraikitzea eta udalerrian zuhaitz gehiago landatzea izan dira boto gehien jaso dituzten proposamenak.

Guztira, 5 eta 15 urte bitarteko 521 ume eta nerabek parte hartu dute bozketa-fasean. Emaitzak gaur goizean jakinarazi dizkiete Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak eta Partaidetzako zinegotzi Julen Capetillok Leioako Umeen Kontseiluari; hain zuzen ere, herriko umeen parte-hartzea sustatzeko erreferente den taldeari.

Proposamen bozkatuena Ondizen kirolgune bat egitea izan da, futbito-zelaia eta saskibaloi-saskiakaz; 386 boto jaso ditu. Bigarren lekuan pump track bat eraikitzeko proposamena geratu da, 299 botogaz; eta hirugarren tokian, Leioan zuhaitz gehiago landatzeko ekimena, 242 botogaz.

Hasiera batean, Udalak 200.000 euroko aurrekontua aurreikusia zuen edizio honetarako. Hala ere, umeek aukeratutako hiru proiektu nagusiak gauzatu ahal izateko, partida handitzea erabaki du: 100.000 euro gehiago jarriko ditu, eta guztira 300.000 euro bideratuko ditu egitasmo horietara.

Aurtengo prozesua 203 ume eta gaztek egindako ia 500 proposamen jasotzeagaz hasi zen. Ondoren, ekimen guztiak teknikoki eta ekonomikoki aztertu zituzten, eta horietatik sei iritsi ziren azken bozketa-fasera.

Haurren Aurrekontu Irekien bidez, Leioako Udalak gazteenen parte-hartzea indartu gura du, haien egunerokoan eragina duten proiektuak proposatzeko, eztabaidatzeko eta aukeratzeko aukera emanez. Orain, boto gehien jaso dituzten hiru egitasmoak udal-plangintzan txertatuko dituzte, aurrerago gauzatu ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun