SD Leioak eta Athleticek lagunarteko partida jokatuko dute Leioaren 500. urteurrenean

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 11

Partidua uztailaren 18an jokatuko da.

Leioak 500. urteurreneko ospakizunen barruan hitzordu berezia izango du uztailaren 18an: SD Leioak eta Athletic Clubek lagunarteko partida jokatuko dute Sarrienako Jose Ignacio Azkueta zelaian, 19:30ean.

Denboraldi-aurreko neurketa izango da, baina kirolaz harago doan esanahia izango du. Izan ere, Leioako Udalak Athleticen eta Lamiakoko auzoaren arteko lotura historikoa omendu gura du jardunaldi horren bidez. Lamiako Bizkaiko futbolaren hastapenakaz eta talde zuri-gorriaren lehen urratsakaz estu lotuta dago, eta ospakizunak memoria hori berreskuratzeko balioko du.

Partida Athletic Clubari eskainitako jai-egunaren ekitaldi nagusia izango da. Hala ere, ez da eguneko proposamen bakarra izango: Udalak herritar guztiei zuzendutako jarduerak prestatzen dihardu, eta programaren xehetasunak ekaineko azken astean emango dituzte ezagutzera.

Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak hitzorduak herriaren historiako atal garrantzitsu bat balioan jartzeko aukera emango duela nabarmendu du. Haren esanetan, Lamiakoren eta Athleticen arteko harremana Leioaren nortasunaren parte da, eta 500. urteurrena bezalako ospakizun berezi batean herritarrekaz partekatu gura dute.

Alkateak azpimarratu du, halaber, ez dela soilik kirol-ekitaldia izango, sustraiak aitortzeko eta etorkizunera begiratzeko jardunaldia ere izango dela, memoria kolektiboa eta kidetasun-sentimendua ardatz hartuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun