Erakusketa-gunea 2007an inauguratu zuten, eta orain edukiak eguneratu dituzte, sektoreak azken hamarkadetan izan duen bilakaera islatzeko. Espazio berrituak Bizkaiko txakolinaren ikuspegi zabalagoa eskainiko du: sustrai historikoetatik hasi eta gaur egun lurraldeagaz lotura estua duten ardoak egiteko modu berrietaraino.
Isabel Viñas Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturako presidenteak azken urteotan txakolinak bilakaera handia izan duela nabarmendu du, eta erakusketa-guneak errealitate hori islatu behar zuela. Haren esanetan, berritzeak upategiek eta mahastizainek egiten duten lana hobeto ezagutarazteko aukera emango du, baita gaur egungo Bizkaiko txakolinaren aberastasuna eta aniztasuna erakusteko ere.
Txakolinaren historiaz harago
Erakusketa berria bost ardatzen inguruan egituratu dute: txakolinaren historia, mahastizaintza, elaborazio-prozesuak, aromak eta dastaketa. Horrez gain, Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturak sektorearen garapenean izan duen zeregina ere jorratuko dute.
Informazio-panelen, ikus-entzunezko baliabideen eta bisita gidatuen bidez, bisitariek hobeto ulertu ahal izango dute txakolinaren eta Bizkaiaren arteko lotura: klima atlantikoa, paisaia, mahats-barietateak eta belaunaldiz belaunaldi mahastizainek eta upategiek metatutako jakintza izango dira ibilbidearen osagai nagusiak.
Mendibile Jauregia bera ere ondarearen parte da. XVII. mende amaierako eraikin barrokoa da, arku bikoitzeko Bizkaiko lehen baserrietako bat, eta gaur egun Bizkaiko Txakolina Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen egoitza, jatetxea eta Bizkaiko Txakolina Txokoa hartzen ditu.
Erakusketa-gune berrituagaz batera, Bizkaiko Txakolina Txokoaren 2026ko programazioa ere aurkeztu dute. Ekainaren 18an hasiko da, Iñaki Suarez deituraren zuzendari teknikoak gidatutako doako bisita eta dastaketagaz. Ondoren, kostaldeko txakolinei, Bizkaian egindako ardo zuri, gorri eta beltzei, Hondarrabi Beltza barietateari eta txakolin bereziei buruzko saioak egingo dituzte.
Programazioak kultura eta musika ere izango ditu lagun. Bizkaiko Txakolina eta Musika ekimenaren beste edizio bat egingo dute Mendibile Jauregiko terrazan, zuzeneko musikagaz eta txakolinagaz lotutako proposamen gastronomikoakaz. Besteak beste, Meibi y los Vietnamitas Blancos, Rollito Acustico, Lorelei Green, Viva Vermut, Swamp eta Flor y Trol taldeak arituko dira.