Uda hastear da Leioan!

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 12a

Udalak gogorarazi du instalazioak modu arduratsuan erabiltzea ezinbestekoa dela. © LEIOAKO UDALA

Leioak udako denboraldiari ekingo dio Torresoloko kanpoko igerilekuak irekita. Instalazioak ekainaren 13an, zapatuan, zabalduko dituzte, eta irailaren 13ra arte egongo dira martxan. Ordutegia egunero izango da, astelehenetik domekara, 10:00etatik 21:00etara.

Denboraldi berriak hainbat berrikuntza ekarriko ditu, erabiltzaileei sarbidea errazteko eta zerbitzua arintzeko. Nobedade nagusietako bat izango da Bizum bidez ordaintzeko aukera, Leioa Kirolak aplikazioaren bidez. Udalaren arabera, neurri horrek sarrerak azkarrago erostea eta itxaronaldiak murriztea ahalbidetuko du.

Torresoloko igerilekuak udako topagune garrantzitsua dira herritar askorentzat. Instalazioek adin ezberdinetara egokitutako hiru igerileku dituzte, egoteko gune zabala eta saskibaloian zein areto-futbolean aritzeko erabilera anitzeko kantxa bat.

Aurtengo denboraldiari begira, Udalak 46.545 euroko inbertsioa egin du haur-igerilekuko hondoa berritzeko, "Pirata Ontzia" izenez ezagutzen den gunean. Gainera, datorren urtean igerilekuen estaldura iragazgaitza osorik berritzeko izapideak martxan daudela jakinarazi du.

Edukiera eta sarrerak

Instalazioaren gehieneko edukiera 1.200 pertsonakoa izango da. Hala ere, pilaketak saihesteko, barruan 700 pertsona daudenean eguneko sarreren salmenta eten egingo dute; une horretatik aurrera, abonua dutenak bakarrik sartu ahal izango dira.

Kanpoko igerilekuetarako sarbidea Leioa Kirolakeko urteko abonuan sartuta dago. Horrez gain, udako abonamendu berezia ere eskuratu ahal izango da, denboraldi osoan mugarik gabe sartzeko.

Tarifak ez dira aldatuko: udako abonua 23 eurokoa izango da 26 urtetik beherakoentzat, 45 eurokoa 26 urtetik gorakoentzat eta 80 eurokoa familia-abonuaren kasuan. Eguneko sarrerek 4,50 euro balioko dute 26 urtetik beherakoentzat eta 6,50 euro 26 urtetik gorakoentzat. Lau urtetik beherako haurrek doan sartuko dira.

Udalak gogorarazi du instalazioak modu arduratsuan erabiltzea ezinbestekoa dela. Besteak beste, debekatuta egongo da kirol-instalazioetan erretzea, solariumean jatea, aldageletatik kanpo arropa aldatzea eta animaliak sartzea, gida-txakurren kasuan izan ezik. Halaber, 14 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta sartu beharko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun