Eguraldi itogarria zinez, larunbatean Sarrienako zelaian bizi izandakoa. 180 minututan, bi talde nor baino nor, mailaz igotzeko txartela berdegunean borrokatzen. Etxekoek helburua lortzeko emaitza ona lortzea ezinbestekoa zela barneratuta, oldarkor eta kementsu ekin zioten norgehiagokari. Castrillok, Ligako azken txanpan emaitza onak lortu zituen hasierako-hamaikako aukeratu zuen, kalitate handiko Albacete taldeari aurre egiteko.
Lehenengo zatian, bisitariek baloiaren jabetza hartu arren, Leioak ezarri zuen partidaren erritmoa aukera onenak erdietsi zituelarik. Honela, 25. minutuan De Eginok goxo-goxo ateratako kornerra Ander Blancok burukada bikain batekin sareratu zuen.
Gureek markagailuan aurrea hartu arren partidaren eskema ez zen aldatu. Albaceteko harrobikoek arrisku handiz baina kalitatezko futbola egiten saiatu ziren, Leioak partida kontrolpean zuen bitartean abantaila handitu nahian jo eta ke kontrako atea zuten begiz jota. Bigarren zatian kanpotarrek, finala euren etxean erabakiko dela jakitun, atzera-pausotxoa eman eta partida zein jokoa erabat nahastu zuten. Castrilloren jokalariek presioak gogor jarraitu zuten etsaiaren akatsaren zain, baina Albacetek sendo amaitu zuen partida.
Atletico Albacetek azkenean emaitza ontzat eman zuen, finalaurrekoetan egin bezala Carlos Belmonten markagailua iraultzeko kalitatea soberan dutela jakitun. SD Leioak aldiz, gol bateko abantailagaz eta ilusioz beteta ekingo dio datorren asteko bidaia luzeari, Sarrienako zaleei igoera eta garaikurra ekartzeko asmoz.
Guztien buruetan, Leioa Bigarren RFEF mailako taldea dela San Joanetan ospatzea litzateke... Aurrera gorri-urdinak