Orainaren Begiradak herri-murala aurkeztuko dute barikuan Leioan

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 17a

Leioaren 500. urteurreneko programazioaren barruan kokatutako proiektua da. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak Orainaren Begiradak herri-murala aurkeztuko du datorren barikuan, ekainaren 19an. Herriaren 500. urteurrenaren harira antolatutako programazioaren ekimen nabarmenetako bat da, eta aurkezpena 10:30ean egingo dute Kultur Leioan. Ekitaldia herritar guztiei irekita egongo da.

Aurkezpenean, Denboraren Optikoetako baten laguntzagaz, Leioako 2.026 herritarren erretratuz osatutako obra kolektiboa erakutsiko dute lehen aldiz. Muralak gaur egungo Leioaren argazki kolektiboa osatzen du, eta herritarrak berak bihurtzen ditu memoria kolektiboaren protagonista.

Iban Rodriguez Etxebarria alkatearen esanetan, muralak artearen esparrua gainditzen du. "Mural hau arte-lan bat baino askoz gehiago da; gaur egun herri gisa garenaren isla da. Argazki bakoitzak istorio bat kontatzen du, eta guztiek batera 2026ko Leioaren erretratua osatzen dute", adierazi du. 

Herri oso baten erretratua

Martxotik maiatzera bitartean garatu dute ekimena, eta milaka herritarrek parte hartu dute bertan. Adin, jatorri eta ibilbide askotako leioaztarrak argazkilari profesional baten aurrean erretratatu dira, egungo herriaren isla osatzen laguntzeko.

Antolatzaileen arabera, erretratu bakoitzak istorio pertsonal bat gordetzen du, baina guztiek batera aniztasuna, bizikidetza, nortasuna eta komunitate-sentimendua irudikatzen dituzte. Horrela, Orainaren Begiradak ekimenak gaur egungo Leioaren aurpegia erakusten du, herria egunero eraikitzen duten pertsonen bidez.

Herritarrak, ospakizunaren erdigunean

Leioaren 500. urteurreneko programazioaren barruan kokatutako proiektu honek herritarrak jarri ditu berriro ospakizunaren erdigunean. Udalaren arabera, ekimenaren helburua komunitate-loturak sendotzea eta herriaren historia datetatik eta gertakari handietatik harago doala gogoratzea da.

Izan ere, bost mende hauetako ibilbidea ospatzeko modurik onena etorkizuneko Leioa eraikitzen ari diren pertsonak aitortzea dela azpimarratu dute sustatzaileek. Muralak, horrenbestez, herriaren iragana eta oraina lotzen ditu, etorkizunari begira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun