Leioako Mundialitoak 25 urte beteko ditu kirola eta bizikidetza uztartuz

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 18a

Aurtengo edizioan 24 selekziok hartuko dute parte. © LEIOAKO UDALA

Leioa kultura arteko bizikidetzaren eta kirolaren topagune bihurtuko da berriro uda honetan, Leioako Mundialitoaren XXV. edizioagaz. Udalerriko egutegian erabat errotutako hitzorduak 25 urte beteko ditu aurten, futbolaren bidez komunitate ezberdinak elkartuz.

Aurtengo edizioan 24 selekziok hartuko dute parte, gizonezkoen zein emakumezkoen kategorietan. Guztira, ia 500 lagun bilduko dira Sarrienako udal zelaietan, jokalariak eta talde teknikoetako kideak kontuan hartuta. Herrialde, kultura eta komunitate ezberdinek kolorez eta giroz beteko dute txapelketa, beste behin ere.

Mundialitoa ekainaren 27an hasiko da inaugurazio-ekitaldiagaz, eta sei jardunalditan zehar jokatuko da, abuztuaren 1eko finaletara arte. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, jardunaldi bakoitzean 1.500 ikusle inguru hurbilduko dira Sarrienara.

Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak nabarmendu duenez, Mundialitoa "futbol txapelketa bat baino askoz gehiago" da: topagune bat, bizipen eta jatorri desberdinetako pertsonak elkartzeko espazioa. Alkatearen esanetan, 25. ediziora iristeak erakusten du proiektuak balioei eutsiz hazten jakin duela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun