Aurtengo prozesuak parte-hartze handia izan du. Lehen fasean, 367 herritarrek 1.040 proposamen aurkeztu zituzten, eta horien azterketa teknikoaren ondoren sei proiektu finalistak bozkatu ahal izan zituzten leioaztarrek. Azkenean, babes handiena jaso duten lau ekimenak izango dira gauzatuko direnak.
Lehenengo proiektuak udalerriko hainbat zebrabidetako argiztapena hobetzea aurreikusten du, bide-segurtasuna indartzeko. Bigarrenak haur-parkeen estalduragaz jarraitzea proposatzen du, auzoetako beharrak aztertu eta parke berri bat estaltzeko planagaz. Hirugarren ekimenaren bidez, gaur egun zerbitzu hori ez duten guneetan bi komun publiko berri jarriko dira. Azkenik, “Leioaren etengabeko hobekuntza” izeneko proiektuak Pinosoloko izaki mitologikoen sarea handitzea, zuhaitz gehiago landatzea eta kalistenia-gune berriak sortzea jasotzen du.
Bozketa-fasean 742 lagunek hartu dute parte, eta emakumeen parte-hartzea nagusi izan da berriro ere: parte-hartzaileen ia %60 emakumeak izan dira. Adin-tarteei dagokienez, 41 eta 55 urte arteko herritarrak izan dira aktiboenak, 16 eta 25 urte bitarteko gazteen parte-hartzea ere nabarmena izan den arren.
Gainera, helduen proiektu horiei Haurren Aurrekontu Irekietan hautatutako ekimenak gehituko zaizkie. Umeen eta nerabeen proposamenen artean babes handiena jaso dutenak Ondizen kirol-gune berri bat sortzea, pump track bat eraikitzea eta zuhaitz berriak landatzea izan dira. Proiektu horiek 300.000 euroko aurrekontua izango dute.