715 sinadura berri aurkeztu dituzte Leioan Asto Probak jaietatik kentzeko eskatzeko

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 23a

Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik EZ taldeak beste urrats bat eman du San Bartolome jaietako Asto Probak kentzeko helburuagaz. Gaur taldeak 715 sinadura berri aurkeztu ditu Leioako Udalean, animalien sufrimendurik gabeko jaiak eskatzeko bultzatzen ari den Herri Ekimenaren barruan.

Sinadura horiekaz, ekimenak beharrezkoa zuen babes kopurua gainditu du. Izan ere, martxoaren amaieran aurkeztutako 3.115 sinaduretatik 804 baztertu zituen Udalak, eta horren ondoren sustatzaileek beste 442 sinadura lortu behar zituzten gutxieneko atalasea gainditzeko. Azkenean, beharrezkoak baino gehiago bildu dituzte, eta eskaera Udalbatzara eramateko bidea zabaldu da.

Animalien aldeko taldeak Asto Probak beste jarduera bategaz ordezkatzea eskatzen du, eta Udalak ez dezala antolatu, diruz lagundu edo espazio publikoak laga animaliakaz harria arrastatzeko probak jasotzen dituzten ekitaldietarako.

Ekimenaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, orain arte Change.org plataformaren bidez egindako eskaerek ez zuten udal mailako ondoriorik izan, baina oraingoan egoera bestelakoa da. Herri Ekimenak beharrezko babes soziala lortu duenez, gaia Udalbatzan eztabaidatu eta bozkatu beharko da.

Taldearen arabera, Asto Probek animalien ongizateari kalte egiten diote. Horren harira, Teresa Gamonal albaitariak egindako txosten bat aipatu dute, non adierazten den harria arrastatzeko probek estres fisiko handia eragin diezaioketela animaliei. Era berean, makila erabiltzea beste autonomia erkidego batzuetan debekatuta dagoela gogorarazi dute.

Bestalde, plataformak azpimarratu du Asto Probak egitea edo ez egitea udalaren esku dagoela neurri handi batean. Izan ere, azken baimenak Udalak ematen ditu, eta jaietako dirulaguntzen baldintzetan ere aldaketak egin ahal izango lituzkeela defendatzen dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun