Oroitzapenen artean agur esan diote Lamiakoko Eskolari

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 29a

Joan den zapatuan Lamiakoko eskolari azkenengo agurra-ekitaldia egin zioten.

Lamiakoko Eskolak azken aldiz ireki ditu ateak. Urte luzez hainbat ume eta familiaren egunerokoaren parte izan den eraikinak bere azken egun ofiziala bizi zuen pasa den zapatuan, eta une berezi horretan ez ziren egungo ikasleak izan protagonistak. Zenbait ikasle ohi bertaratu ziren, haurtzaroko oroitzapenak berreskuratzeko eta pasabide horietatik azken aldiz ibiltzeko.

Batzuek urteak zeramatzaten eskolara sartu gabe. Oraingoan, ordea, azken begirada bat botatzeko beharra sentitu zuten. Ikasgelak, patioa eta korridoreak berriro zeharkatu dituzte, eta askok euren eskuakaz egindako lanak ere berreskuratu ahal izan zituzten: marrazkiak, maketak, panpinak eta urteetan hormetan edo apaletan gordeta egon diren beste hainbat oroitzapen.

Hala ere, emozioagaz batera tristura ere izan da nagusi. Bertaratutako hainbatek ikusi zuten nola ikasgeletatik zakarrontzira botatzeko poltsak betetzen ari zirela, bertan zeuden ikasleen lan eta oroitzapenakaz. "Pena handia ematen digu hau guztia horrela amaitzeak", adierazi dute batzuek.

Beste askok ere ezinegona agertu zuten eskolaren itxieraren inguruan. "Egun batetik bestera hartutako erabakia dirudi. Espero dugu azkenean dena ondo ateratzea, baina ez dakigu zer gertatuko den", azaldu dute.

Agur-ekitaldiaren barruan, Txikiak Dantza Taldeak omenaldi berezi bat prestatu zuen. Horretarako, 1960 eta 1985 artean jaiotako eta Lamiakoko Eskolan ikasitako dantzari ohiak deitu zituzten berriro elkartzera, ikastetxeari azken agurra dantzan egiteko.

Hori horrela, Lamiakoko Eskolaren itxierak eraikin baten amaiera baino gehiago sinbolizatzen du askorentzat. Belaunaldi askoren oroitzapenak, lehen lagunak, lehen irakasleak eta bizitzako une garrantzitsuak geratuko dira horma horien artean. Horregatik, azken eguna ez da  agur hutsa izan; herri oso baten memoriari egindako aitortza ere izan dela esan genezake.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun