Ecologistas en Accionek berriro eman dio bandera beltza Leioari Lamiakoko paduraren proiektuagatik

Izaro Garcia 2026ko uztailaren 3a

Ecologistas en Accionek bandera beltzak urtero banatzen ditu.

Ecologistas en Accion erakundeak berriz ere bandera beltza eman dio Leioako Udalari, Lamiakoko paduran aurreikusita dagoen hirigintza proiektuagatik. Erakundearen esanetan, "kudeaketa txarragatik" ematen duen aitortza da, eta aurten ere helburu bera du: tokiko agintariei gogoraraztea padura hori berreskuratzea ezinbestekoa dela, bai gaur egungo herritarrentzat, bai etorkizuneko belaunaldientzat. 

Taldeak salatu duenez, 2020an onartutako egitasmoak Lamiakoko padura bere tamainaren heren batera mugatuko luke. Beste heren bat etxebizitzak eraikitzeko erabiliko litzateke, eta gainerako zatia parke bihurtuko litzateke. Horren ondorioz, egun dagoen hezegunea bi gune txikitan banatuta geratuko litzateke, itsasadarraren ertzean padura zati txiki bat baino ez utziz. 

Erakunde ekologistaren ustez, proiektuak galdu egiten du padura bere osotasunean leheneratzeko aukera. Horregatik, Leioako Udalari eskatu dio auzokideen eta gizarte eragileen eskaerak entzun ditzala eta egitasmoa aldatu dezala. Haien proposamena aurreikusitako etxebizitzak eta parkea ez egitea da, baita eremu osoa Lamiakoko padura lehengoratzera bideratzea ere.

Ecologistas en Accionek bandera beltzak urtero banatzen ditu, kostaldean antzemandako kutsadura eta ingurumenaren kudeaketa txarraren adibiderik esanguratsuenak salatzeko. Aurtengo txostenean ere, Lamiakoko paduraren kasua Bizkaiko adibide nagusietako bat dela nabarmendu du, eta hezegunea berreskuratzea lehenesteko deia egin du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun