Bide oparoa egin du taldeak txapelketan zehar. Helios, Carthago, Sevilla eta Elche mendean hartu dituzte, eta partida guztietan, taldearen arabera, "maila lehiakorra, nortasuna eta konpromisoa" erakutsi dituzte. Txapeldun izango zen Atlètic Barceloneta kataluniarrak baino ez zuen argi gainditu Askartza.
Bosgarren eta seigarren postuak erabakitzeko lehian ere maila bikaina eman zuten. Terrassa aurkari indartsuaren aurka, hirugarren laurdenaren hasieran 9-8koa zen markagailua, eta bizirik zituzten Espainiako bost talde onenen artean amaitzeko aukerak. Azken txanpan, ordea, aste osoko ahaleginak eta pilatutako nekeak eragina izan zuten, eta talde kataluniarrak 17-9 irabazi zuen.
Hala ere, seigarren postuak balio berezia du Askartzarentzat. Izan ere, klubaren historian kadete mailan inoiz lortu gabeko emaitza da, eta jokalariek, entrenatzaileek zein familiek egindako lanaren eta urte osoan erakutsitako konpromisoaren aitortza ere bada.