Udalaren asmoa da bertan herritarrentzako ekipamendu publikoak eraikitzea. Oraindik ez dute erabilera zehatza erabaki, baina udal iturriek azaldu dutenez, mahai gainean daude adinekoentzako egoitza edo eguneko zentro bat bezalako aukerak. Horren helburua izango litzateke auzoan gertuko zerbitzuak indartzea eta etorkizunean eraikitzea aurreikusten den bizitegi komunitarioa osatzea.
Lursaila 1999tik zegoen Bizkaiko Errepideen Lurralde Plan Sektorialean itsasadarraren azpiko tunelaren trazaduraren barruan. Hala ere, egoera aldatu egin zen 2022an, Bizkaiko Foru Aldundiak azpiegitura horren ibilbidea aldatzea erabaki zuenean. Horren ondorioz, lurzati horrek komunikazio-azpiegiturarako zuen erreserba galdu du, eta beste erabilera batzuk planteatzeko aukera zabaldu da.
Aldaketa horrek ibaiertzeko ingurua eraldatzeko helburua ere badu. Udalaren arabera, gaur egungo irudi industriala ordezkatu eta berdegune gehiago zein erabilera publikoko eraikinak txertatu gura dituzte, Lamiakoko eremu hori hiri-birsorkuntzaren barruan integratzeko. Prozedura martxan dago jada, eta herritarren ekarpenak jasotzeko parte-hartze programa ere zabaldu dute.
Aspaldiko eskaera
Lamiako eta Txopoetako bizilagunek aspaldidanik eskatu dute auzoan zerbitzu publiko gehiago jartzea. Izan ere, indarrean prestatzen ari diren HAPO berriaren zirriborroak aurreikusten du bi auzoen artean 1.066 etxebizitza eraiki ahal izango direla. Lamiako Txopoeta Bizirik elkarteak behin baino gehiagotan ohartarazi du hazkunde horrek azpiegitura eta ekipamendu publiko berriak eskatuko dituela, etorkizuneko biztanleriaren beharrei erantzuteko.
Bestalde, Udalak HAPOren beste aldaketa puntual bat ere izapidetu du Ibaiondon. Horren bidez, egun eraikitzen ari diren lanbide heziketako zentroaren lursaila erabilera osorik hezitzailekoa izatera egokituko dute. Horrela, eraikin osoa irakaskuntzarako erabili ahal izango da, eta datorren ikasturtearen hasieran martxan jartzea aurreikusten dute.