Leioako PPk Lamiakoko itsasadarraren azpiko tunelaren obrak gainbegiratzeko batzorde mistoa eskatu du

Izaro Garcia 2026ko uztailaren 10a

Leioako PPk mozio bat erregistratu du Bizkaiko Foru Aldundiari Lamiakoko itsasadarraren azpiko tunelaren obrak gainbegiratzeko Informazio eta Jarraipen Batzorde Mistoa sortzea eskatzeko. Proposamenaren arabera, organo horretan Bizkaiko Foru Aldundiko eta Interbiakeko teknikariek ez ezik, Leioako eta Getxoko udalek, auzo-elkarteek, jabeen erkidegoek zein interesa duten herritarrek ere parte hartuko lukete.

Jon Albisu Leioako PPko bozeramailearen esanetan, 543 milioi euro inguruko aurrekontua eta sei urtetik gorako exekuzio-epea izango dituen azpiegitura batek "ezin du gardentasunik eta etengabeko komunikaziorik gabe aurrera egin". Haren ustez, batzorde horrek obren bilakaeraren berri emateko eta eragindako auzotarrek informazio zuzena jasotzeko balioko luke.

PPren arabera, obrek inguruko auzoetan eragin handia izango dute; besteak beste, berdeguneetan, zuhaitzen mozketan eta leherketen erabileran. Gainera, kezka erakutsi dute Artaza-Romo BHIren egoeragatik; izan ere, alderdiaren esanetan, ikastetxeko patioa obren eremutik gertu dago, eta zarata-mailak 85 dezibeliora irits daitezkeela aurreikusten dute, hezkuntza-ingurune baterako gomendatutako mugak gaindituz.

Alderdi Popularraren ekimenak bat egiten du azken hilabeteotan hainbat eragilek azaldutako kezkakaz. Izan ere, Subflubiala Ez plataformak denbora darama Lamiakoko itsasadarraren azpiko tunelaren proiektuaren gardentasun falta, ingurumen-inpaktua eta auzotarrengan izango dituen ondorioak salatzen, baita informazio gehiago zein herritarren parte-hartze handiagoa eskatzen ere.

Alderdi Popularrak uste du gaur egun Aldundiak ematen duen informazioa ez dela nahikoa, eta, horregatik, herritarren parte-hartzea zein erakundeen arteko koordinazioa indartuko dituen jarraipen-organo iraunkor bat sortzea eskatu du, obra osoan zehar sor daitezkeen gorabeheren berri emateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun