Leioak aire zabaleko sei liburutegi jarri ditu parkeetan udako irakurzaletasuna sustatzeko

Izaro Garcia 2026ko uztailaren 13a

Udalak irakurketa aisialdia zein naturguneakaz uztartu gura du. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak aire zabaleko sei liburutegi jarri ditu herriko hainbat parke eta berdegunetan, uda honetan irakurzaletasuna sustatzeko eta liburuei bigarren bizitza emateko.

Liburutegi txiki horiek Pinosolon, Zarragabarrenan, Aldapabarrenan, San Bartolomen, Arrienan eta Mendibilen daude. Helburua herritarrek naturaz gozatzen duten bitartean irakurtzeko aukera izatea da.

Ekimenaren funtzionamendua erraza da: interesatzen zaizun liburua hartu, parkean edo berdegunean irakurri eta, amaitutakoan, berriro liburutegian uztea, beste norbaitek ere irakur dezan.

Horrez gain, Udalak herritarrak animatu ditu etxean erabiltzen ez dituzten baina egoera onean dauden liburuak aire zabaleko liburutegi horietara eramatera. Horrela, beste irakurle batzuen esku jarriko dituzte, liburuen berrerabilera eta irakurketaren zabalkundea sustatuz.

Ekimenaren bidez, Udalak irakurketa aisialdia zein naturguneakaz uztartu gura du, herriko parkeak udan ere kulturarako topagune bihurtuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun