Leioako San Bartolome jaietan egiten diren asto probak kentzeko eskariak babes berria jaso du. Zientzia, kultura eta euskal gizarteko 170 lagunek baino gehiagok manifestu bat sinatu dute Leioako Udalari ekitaldia bertan behera uzteko eta animalien sufrimendurik eragiten ez duen beste jarduera bategaz ordezkatzeko eskatzeko.
Manifestua astelehen honetan aurkeztu dute Kultur Leioan Maria Larrucea albaitariak eta Joseba Ibarretxe pentsiodunak. Sinatzaileen ustez, Leioak azken hamarkadetan aldaketa sozial handiak bizi izan ditu, eta, horrenbestez, "animaliekiko errespetua" izan beharko litzateke datozen mendeetarako udalerriaren tradizio berrietako bat.
Dokumentuan adierazi dutenez, gizarteak gero eta garrantzi handiagoa ematen die animalien ongizateari, eta horregatik eskatu diote Udalari ez dezala "astoek jasaten duten sufrimenduaren ebidentzia zientifikoa alde batera utzi" eta jaietako egitaraua egokitzeko urratsa eman dezala.
3.000 herritarren babesa
Manifestua azken hilabeteotan martxan dagoen herri-ekimenaren osagarri da. Martxoan eta ekainean 3.000 herritar baino gehiagoren sinadurak aurkeztu zituzten Leioako Udalean, asto probak San Bartolome jaietako egitarautik kentzeko eskatuz.
Proposamenak, gainera, Udalari eskatzen dio ez dezala antolatu, diruz lagundu edo espazio publikorik laga animaliakaz harria arrastatzeko probak egiten dituzten ekitaldietarako.
Herri-ekimena uztailaren 23ko udal osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dute.
Albaitari baten txostena oinarri
Manifestuaren sustatzaileek Teresa Gamonal albaitari eta etologoaren txostena ere ekarri dute gogora. Txosten horren arabera, San Bartolomeko jaietan egiten den proban (400 kilo inguruko asto batek 700 kiloko harria 20 minutuz arrastatu behar duenean) animaliak "muskuluetako eta bihotz-hodietako estres handia" paira dezake.
Halaber, gogorarazi dute aurreko urteetan ere antzeko eskaerak egin zituztela Change.org plataformaren bidez; 2015ean 11.500 sinadura bildu zituzten, eta 2019an, berriz, 45.000. Haien esanetan, ordea, Udalak ez zien erantzun.
Manifestua herritar guztiei zabaldu diete orain, sinadura gehiago biltzeko eta Leioan animalien ongizatea ardatz izango duen eztabaida indartzeko.