La M.O.D.A eta Janus Lesterren kontzertuekaz ospatuko dute Leioaren 500. urteurrena

Laura Fontalba Colomo 2026ko abuztuaren 3a

© LEIOAKO UDALA

Irailaren 19an, 19:00etatik aurrera, udalerriaren 500. urteurrena ospatuko dute hiru kontzertugaz: La M.O.D.A. eta Janus Lester igoko dira agertokira, DOW Chemical
enpresaren lursail zaharretan, Toyota kontzesionarioaren ondoan, doako kontzertu handi bat eskaintzeko. Horrez gain, Still Rising taldeak ere joko du.

Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak euren herriaren 500. urteurrena bezalako ospakizun berezi baten neurriko kontzertuaz gozatzeko aukera izango dutela adierazi du. Horregatik, une honetan erakargarrienetakoak eta zuzeneko indartsuenetakoak diren bi talde Leioara etortzea eta, gainera, tokiko talde bategaz agertokia partekatzea albiste bikaina dela aitortu du. Halaber, giro aparta sortzea eta elkarregaz gozatzeko gau aparta izatea espero duela gaineratu du.

Azaldu duenez, kontzertuak arrastiko 19:00etan hasiko dira Still Rising taldearen emanaldiagaz; talde hori Leioako Udalak antolatutako Hamaika Soinu musika-lehiaketaren irabazlea izan da. Ondoren, 20:30ean, Janus Lesterren txanda izango da, eta, adierazi dutenez, gaur egungo euskal musikaren panoramako artistarik nabarmenenetako batek bere abestirik ezagunenak eskainiko ditu. Amaitzeko, gaueko emanaldi nagusia 23:00etan hasiko da, La M.O.D.A. taldeagaz. "Urtez urte publikoaren maitasuna irabazi duen taldeak bere zuzeneko indartsua eskainiko du, zaleek gehien maite dituzten abestiekin", azaldu dute Udaletik. 

Leioaren memoria

Kontzertuak ez dira egun horretan egingo dituzten ekitaldi bakarrak izango. Jakinarazi dutenez, goizean ere, herriak "emozioz beteriko" goiz bat biziko du Leioak altxor bat dauka ekimenagaz. Azaldu dutenez, iraganera begiratzeko eta herriaren memoria pertsonal zein kolektiboaren zati bategaz berriz elkartzeko gonbidapena izango da.

Jardunaldia 10:15ean hasiko da, ohiko Oinezkoen Martxagaz. "Urtez urte sendotu den hitzordua da, baina 500. urteurrena dela eta, aurten esanahi berezia hartuko du", adierazi dute. Izan ere, irteera Bulebarrean izango da, eta Pinosolorainoko ibilbidea txaranga batek girotuko du, adin guztietako herritarrak elkartuko dituen giro alaia eta parte-hartzailea sortzeko.

Pinosolora iristean, ospakizun osoaren unerik hunkigarrienetako bat biziko dutela ziurtatu dute: duela 25 urte Leioako 1.500 ikasle inguruk lurperatutako altxorrak beren jabe legitimoei itzuliko zaizkie. Ikasleek tuper txikietan jostailuak, argazkiak, marrazkiak, gutunak, mezuak eta haientzat bereziak ziren bestelako objektuak gorde zituzten, eta, orain, une hori iritsi da. Bizipen partekatuak berriz gogoratzeko eta Leioaren memoria sentimentalaren zati bat berreskuratzeko aukera paregabea izango dela azaldu dute. 

Ekimena belaunaldiz belaunaldi iraungo duen konpromiso bihurtzeko asmoagaz, berriro egingo dutela jakinarazi dute: "Pinosoloko baserrian, Leioako haurrek tuper berri bat jaso ahal izango dute etorkizunerako gorde nahi duten objektu, marrazki, argazki, gutun edo oroitzapenen bat sartzeko. Altxor txiki hori eurek aukeratutako helduarekin partekatu ahal izango dute, eta 2026ko urriaren 31n lurperatuko da, Leioaren 500. urteurrenaren egun nagusian. Horrela, duela 25 urte hartutako konpromisoa berrituko da, beste mende laurden baten buruan berriro irekitzeko". 

Egun honegaz, Leioako Udalak "memoria eta etorkizuna, emozioak eta musika" uztartzen dituen ospakizuna proposatzen du, eta herritar guztiak Leioaren historian betiko geratuko den egun baten parte izatera gonbidatzen ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun