1.100 haur baino gehiagok gozatu dute Leioako Udalaren udako aisialdi programez

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 5a

Bi programen bidez,Leioako Udalak aisialdi hezitzailearen aldeko apustua egin gura izan du. © LEIOAKO UDALA

1.100 haur baino gehiagok gozatu dute uda honetan Leioako Udalak antolatutako UDA eta Udatxiki programetan. Bi ekimenek aisialdia, kirola eta hezkuntza uztartu dituzte uztailean, eta, aldi berean, udalerriko familia askori udako oporraldian lana eta familia bateratzen lagundu diete.

Txikienentzako Udatxiki programan, 2 eta 6 urte bitarteko 311 umek hartu dute parte. Hilabete osoan zehar, irudimena eta sormena lantzeko jolasak, psikomotrizitate jarduerak, ur-jolasak eta astero igerilekura eta parkera irteerak egin dituzte, beste hainbat ekintzaren artean. Programa honek, gainera, euskararen erabilera sustatzea izan du ardatz, dena giro ludiko eta atsegin batean.

Bestalde, UDA programak ia 800 haur bildu ditu aurten. 2013 eta 2019 urteen artean jaiotako umeei zuzendutako ekimenak hamabostaldika garatu dira, eta kirola, ohitura, elkarbizitza, inklusioa eta euskararen erabilera izan dira egitasmoaren oinarriak.

Parte-hartzaileek herriko kirol-klubakaz elkarlanean antolatutako hainbat modalitate ezagutzeko aukera izan dute, hala nola eskubaloia, futbola, esgrima, eskalada, patinajea, esku pilota, kalistenia, boxeoa, xakea, saskibaloia edo judoa. Horrez gain, igerilekuko eta hondartzako jarduerak, ur-jolasak, txangoak, hipika, abentura-ekintzak, eskulan-tailerrak eta jarduera inklusiboak ere izan dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun