Lehiaketaren gaia librea izango da, baina aurkeztutako argazkiek baldintza batzuk bete beharko dituzte: originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dira, beste lehiaketaren batean saritu gabeak, eta, aurten ere, ez dira onartuko adimen artifizialaren bidez edo zuzeneko argazki-harrapaketatik kanpoko teknologiak erabilita sortutako irudiak.
Lanak Kultur Leioan aurkeztu ahal izango dira, zuzenean edo posta ziurtatu bidez, dagokion izen-emate orria beteta. Ondoren, epaimahaiak aukeratutako argazkiak urriaren 30etik azaroaren 22ra egongo dira ikusgai Kultur Leioako erakusketa aretoan, eta sari banaketa azaroaren 13an egingo da.
Sariei dagokienez, 400 euroko hiru sari banatuko dira: zuri-beltzeko argazkirik onenarentzat, koloretako argazkirik onenarentzat eta hiru argazkiko serie onenarentzat. Horrez gain, 250 euroko saria jasoko du Leioan egindako lanik onenak, eta herritarren bozkaren bidez aukeratutako argazkiak 50 euroko saria izango du.
Argazkiak 30x40 zentimetroko passpartout edo kartoi luma baten gainean aurkeztu beharko dira, lehiaketaren oinarrietan zehaztutako neurriei jarraituz. Erakusketarako, Udalak marko bera jarriko die lan guztiei. Saritutako argazkiak Leioako Udalaren esku geratuko dira, eta erakutsi edo erreproduzitu ahal izango ditu; gainerako lanak, berriz, erakusketa amaitu eta hurrengo 30 egunetan itzuliko zaizkie egileei.