Subflubiala EZek elkarretaratzea deitu du Artatza parkean, obrak laster has daitezkeelakoan

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 17a

Subflubiala EZek kalera ateratzeko deia egin du.

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak materiala eta makineria eramaten hasi dira azken egunotan Artatza parkera; hainbat zuhaitz eta eremu hesitu dituzte, eta etxolak ere jarri dituzte. Subflubiala EZ plataformaren ustez, mugimendu horiek itsasadarraren azpiko tunelaren lanak laster has daitezkeen seinale dira. Horren aurrean, azalpenak zein gardentasuna eskatu dizkie erakundeei, eta elkarretaratzea deitu du gaurko, hilak 17, 19:00etan, Artatza parkean bertan.

Oraingoz plataformak lan horien inguruko informazio argirik ez duela jaso salatu du. Bertan zeuden langileei azalpenak eskatu dizkietela diote, baina horiek ez zutela informazioa emateko baimenik. "Honek proiektu publiko honen inguruko isiltasun administratiboa, sekretismoa eta informazio falta islatzen du", kritikatu dute. Horregatik, gertatzen ari denaren inguruko gardentasuna eskatu diete erakundeei.

Plataformak gogorarazi du, gainera, proiektuaren inguruko auzi bat martxan dagoela EAEko Auzitegi Nagusian, eta horrek proiektua bertan behera uztea ekar lezakeela dio. Testuinguru horretan, Artatza parkean lanak egiten hastea kritikatu dute.

Zarata, bibrazioak eta ikasturte hasiera, kezka iturri

Subflubiala EZek obrek inguruko bizilagunengan izan dezaketen eragina ere mahai gainean jarri du. Plataformaren arabera, parkea husteko lanek eta aurreikusitako leherketek zarata eta bibrazio handiak eragingo dituzte. Horren harira, Kalitate Akustikoko Helburuak aldi baterako eteteko beharrezkoa den prozedura abiatu denik ez dagoela jasota salatu dute. Prozedura horrek, besteak beste, inpaktu akustikoaren azterketa eta herritarrei informazioa emateko izapidea jaso beharko lituzke.

Lanak abuztuan hasi izana ere kritikatu dute, balizko irregulartasunen aurrean administrazio-salaketak aurkeztea zailagoa dela iritzita. Gainera, irailean ikasturtea hasteagaz batera obrek Artaza-Romo institutuko hezkuntza-komunitateari bete-betean eragin diezaioketela ohartarazi dute. 

Artatza parkearen etorkizuna ere, jokoan

Plataformaren kezka ez da obrek iraun bitarteko eraginetara mugatzen. Artatza Leioa eta Getxo arteko "azken birika berdea" dela azpimarratu dute, baita bertako zuhaitzek, batez ere bero handiko egunetan, babesleku natural gisa duten garrantzia nabarmendu ere. Era berean, autobide berriak epe luzera trafikoa eta berotegi-efektuko gasen isurketak handituko dituela eta airearen kalitatea okertuko duela ohartarazi dute.

Egoera horren aurrean, Subflubiala EZek kalera ateratzeko deia egin du. Elkarretaratzea egingo dute gaur, astelehena, 19:00etan, Artatza parkean, proiektua bertan behera uztea eskatzeko. "Oraindik gelditu ahal dugu", aldarrikatu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun