Animalien sufrimenduaren aurkako aldarria kalera aterako dute berriro San Bartolomen

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 19a

Dokumentua interneten eskuragarri jartzeaz gain, paperean ere banatuko dute jaietan.

Animaliekiko Tratu Txarrik Ez Leioako elkarteak elkarretaratze baketsua deitu du abuztuaren 24rako, astelehenerako, 18:30ean, San Bartolome ermitaren atzealdean. Hain zuzen ere, ermitaren aurrealdeko probalekuan egiten diren animaliakaz harria arrastatzeko proben aurka egingo dute protesta.

Aurtengo deialdiak badu berezitasunik: hamar urte igaro dira taldeak proba horien aurka lehen elkarretaratzea antolatu zuenetik. Aldarrikapena, ordea, lehenagotik dator, eta azken bi hamarkadetan hainbatetan atera da mahai gainera Leioan.

2005ean, esaterako, Udalak zekorketa bat debekatzea erabaki zuen. Hiru urte geroago, 2008an, Animaliekin Tratu Etikoa izateko Elkarteak (ATEA) egindako eskaeraren ostean, Eneko Arruebarrena orduko alkateak Txoperako Jai Batzordeagaz adostu zuen astoakaz proba gehiago ez egitea. 2013an ere protestak egin zituzten San Bartolomen, ASAAM-Bizkaia elkarteak deituta.

Ordutik, sinadura bilketek ere pisu handia izan dute aldarrikapenean. 2015ean, ATEAk 11.500 sinadura bildu zituen idi- eta asto-proben aurka, eta 2019an Leioako animalistek 45.000 babes lortu zituzten Change.org plataformaren bidez.

Azken urratsa iazko irailean etorri zen. Aurreko sinadura bilketek espero zuten emaitzarik izan ez zutela ikusita, Leioan erroldatutako herritarren sinadurak biltzeari ekin zioten, Herri Ekimen bat aurkeztu ahal izateko. 3.000 sinadura baino gehiago bildu ostean, proposamena Udalera iritsi zen.

Uztailaren 23ko osoko bilkuran eztabaidatu zuten, baina ez zuen aurrera egin. EAJk, EH Bilduk eta PPk aurka bozkatu zuten; PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek, berriz, proposamenaren alde egin zuten.

Informazioa, aldaketarako lehen urrats gisa

Datorren asteleheneko mobilizazioari begira, elkarteak herritarrei "arazoa konpontzeko bidegile" izateko deia egin die. Horretarako, lehen urratsa informazioa izatea dela iritzita, Asto Probei buruz jakin nahi zenuen guztia izeneko txostena prestatu dute.

Dokumentua interneten eskuragarri jartzeaz gain, paperean ere banatuko dute San Bartolome ermitaren inguruan jarriko dituzten mahaietan. Barikuan, 17:30etik 19:30era egongo dira bertan, eta zapatuan zein domekan, 12:00etatik 14:00etara.

Ekimen horien ostean etorriko da asteleheneko elkarretaratzea. Hamar urte lehen mobilizazio hartatik, Animaliekiko Tratu Txarrik Ez Leioako kideek aldarrikapen beragaz jarraituko dute San Bartolomen: animalien sufrimendurik gabeko jaiak lortzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun