Udako jaiak 2026

San Bartolomeko Jai Batzordea: "Guk gure betiko izaerari eutsi nahi diogu"

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 20a

San Bartolomeko jaiak auzo oso batek urte osoan eraikitzen duen topagunea dira.

San Bartolomeko jaiak iristen direnean, auzoa erabat aldatzen da. Txosna, kontzertuak, herri kirolak, umeen algarak eta auzoko jendea kalean. Kanpotik begiratuta, aste bateko ospakizuna dirudi. Barrutik, ordea, urte osoko lana da.

"Jendeak jaiak bakarrik ikusten ditu, baina atzean lan ikaragarria dago", azaldu dute Jai Batzordetik. Jaiak amaitu eta aste gutxira hasten dira hurrengo urtekoak prestatzen. Kontzertuak lotu, jarduerak antolatu, materiala eskatu, banderolak zintzilikatu, brigadarekin koordinatu, txandak osatu... Zerrenda amaigabea da.

Auzo txikia izateak, gainera, dena are gehiago zaintzera behartzen ditu. "Ez daukagu baliabide edo jende kopuru handirik; horregatik, antolaketa oso garrantzitsua da", azaldu dute. Horregatik, egitaraua ahalik eta orekatuena izaten saiatzen dira: erromeria, kontzertuak, gazteentzako ekintzak, herri kirolak eta haurrentzako jarduerak uztartuz, denek euren lekua aurki dezaten.

"Ez daukagu baliabide edo jende kopuru handirik; horregatik, antolaketa oso garrantzitsua da"

Nortasuna eta xarma, eskutik helduta

Azken urteotan gizartea aldatu egin da, eta jaiak ere garai berrietara egokitu behar izan dituzte. Hala ere, bada ukitu nahi ez duten zerbait. "Guk gure izaerari eutsi nahi diogu", diote. Horregatik egiten dute apustu euskararen, herri kirolen, erromerien eta euskal musikaren alde. Badakite talde komertzialagoek jende gehiago erakar dezaketela, baina ez dute hori helburu. "Badakigu publiko gehiago etorriko litzatekeela, baina guk beste jai eredu baten alde egiten dugu", azaldu dute.

Haientzat, ordea, San Bartolomeko jaien berezitasuna ez dago egitarauan bakarrik. "Niretzat txikitatik bizi izan dudan espazio segurua da", dio Jai Batzordeko kideetako batek. Gurasoek lasai uzten zituzten kalean, inguruan beti zegoen ezagunen bat eta gazteek euren lekua aurkitzen zuten. Hori da, hain zuzen ere, gaur egun ere zaindu eta mantendu nahi duten xarma: auzo osoak askatasunez eta lasaitasunez gozatzeko moduko jaiak izatea.

Polemiketatik harago

Azken hilabeteotan idi-probek eztabaida handia piztu dute. Jai Batzordean, ordea, argi dute gaiak ñabardurak dituela.

Azaldu dutenez, barruan iritzi desberdinak daude, baina gaur egun gehiengoak jarduerarekin jarraitzearen alde egiten du, indarrean dagoen araudia betez eta animalien ongizatea bermatuz. Aldi berean, azpimarratu dute idi-probak ez direla jaien ardatza.

"Ez dugu nahi jaiak jarduera bakar baten inguruan antolatzea"

"Ez dugu nahi jaiak jarduera bakar baten inguruan antolatzea", diote. Horregatik, idi-probak egiten diren bitartean beste jarduera batzuk ere eskaintzen dituzte, nahi duenak beste aukera batzuk izan ditzan.

Komunitatea da benetako indarra

Jai Batzordeko kideak hamar urte baino gehiago daramatza antolakuntzan. Denbora horretan konturatu da jaiak ez direla ekitaldi batzuk antolatzea bakarrik.

"Auzo bat ez da bakarrik bizi zaren tokia. Komunitate bat da", dio. Horregatik ez du uste erreleborik falta denik. Jai Batzordean hamazazpi urteko gazteak eta hirurogei urte inguruko kideak elkartzen dira, eta belaunaldi bakoitzak bere ikuspegia ekartzen du.

"Polita da ikustea anai-arrebak, gurasoak, seme-alabak eta auzokideak Jai Batzordean elkartzen direla", azaldu du. Batzuk txosnan hasten dira laguntzen, beste batzuk Herri Krosean edo jarduera jakin batean, eta pixkanaka batzordeko kide bihurtzen dira.

Azken batean, San Bartolomeko jaiak ez dira txosna edo kontzertu batzuk. Auzo oso batek urte osoan eraikitzen duen topagunea dira. Eta Jai Batzordearen nahia argia da: jendeak etxera irribarrez itzultzea, baina baita ulertzea ere jaiak ez direla astebetean prestatzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun