Leioako Udalak bost prestakuntza-ekintza eskainiko ditu enplegua eta ekintzailetza sustatzeko

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 24a

Behargintza Leioaren egoitzan bertan edo haren webgunearen bidez egin ahal izango da izen-ematea.

Lan-aukerak zabaltzeko eta lan-merkatuaren beharretara egokitzeko tresna gehiago eskaini gura ditu Leioako Udalak prestakuntza-programazio berriagaz. Eskaintza batez ere langabeei zuzenduta egongo da, eta ikastaroetako batzuk sektore jakin batean lanean hasteko pentsatuta daude; beste batzuk, berriz, norbere negozioa sortzeko edo gaitasun digitalak indartzeko.

Lehenengo aukera Eraikin eta lokaletan gainazalak eta altzariak garbitzea Profesionaltasun Ziurtagiria izango da. Garbiketaren sektorean lan egin gura duten langabeei zuzenduta dago eta hamar plaza izango ditu. Irailetik martxora egingo dute, 09:30etik 14:30era. Prestakuntza teorikoaz gain, parte-hartzaileek praktikak egingo dituzte enpresetan eta bakoitzaren egoerara egokitutako laneratze-ibilbidea izango dute.

Urrian, berriz, Eraikinen Barruko Pintura ikastaroa egingo dute. Leioako langabeei zuzendutako hamabi plaza egongo dira, eta parte-hartzaileek etxebizitza eta lokaletako gainazalak prestatu eta barrualdeak margotzeko oinarrizko ezagutza eta trebetasun praktikoak landuko dituzte. Saioak 09:30etik 14:30era izango dira, Behargintza Leioan eta kanpoko beste prestakuntza-gune batzuetan.

Bestalde, DFB 3R Birlaneratze Programak langabezian dauden pertsonei lan-mundura bueltatzeko laguntza eskainiko die. Hiru ardatz izango ditu: lan-orientazioa, birlaneratzea eta birkualifikazioa, azken hori gaitasun digitaletan eta lan-aktibazioan oinarrituta.

Negozio bat sortzeko edo marketin digitalean trebatzeko

Norbere negozioa martxan jartzea buruan dutenentzako aukera ere egongo da. Enpresak Sortzea eta Kudeatzea ikastaroak 20 plaza izango ditu eta azaroan egingo dute, 09:30etik 14:30era, Leioako Enpresen Mintegian. Leioan erroldatuta eta Lanbiden izena emanda dauden langabeei zuzenduta dago. Parte-hartzaileek euren negozio-ideiaren bideragarritasuna aztertzen, estrategia komertziala lantzen eta merkatuan izan ditzaketen aukerak baloratzen ikasiko dute.

Hilabete berean, Marketina eta Sare Sozialak ikastaroa ere eskainiko dute, hamabi plazagaz. Kasu honetan, enpresentzako marketin digitalean trebatu gura duten Leioako langabeei zuzenduta egongo da. Sare sozialen kudeaketa, eduki digitalen sorkuntza eta enpresa txiki eta ertainentzako publizitate-kanpainak lantzeko ezagutzak eskainiko dituzte.

Izena emateko epea irailaren 1ean zabalduko da. Interesa dutenek Behargintza Leioaren egoitzan bertan edo haren webgunearen bidez egin ahal izango dute izen-ematea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun