Eta barruan? Objektu pertsonalak, argazkiak, jostailuak, mezuak eta orduko ume zein gazteentzat garrantzitsuak ziren bestelako oroitzapenak daude gordeta.
Altxorrak bueltatzeko, topaketa berezia antolatu dute irailaren 19rako. 10:30ean Herritarren Oinezko Martxa abiatuko da Bidebarriko Bulebarretik, eta 11:15ak aldera Pinosolora iritsiko da. Bertan banatuko dituzte tupperrak.
2001eko ekimenean parte hartu zutenek aldez aurretik izena eman beharko dute Udalak prestatutako inprimakian. Horren ostean, bakoitzari kode bat esleituko diote bere altxorra aurkitzeko. Pinosolon tupperra jasotzeko kode hori eta NANa aurkeztu beharko dituzte.
Irailaren 19an joaterik ez dutenek ere izango dute euren altxorra berreskuratzeko aukera. Beste norbaiti eman diezaiokete jasotzeko baimena edo, bestela, irailaren 23tik urriaren 30era Pinosoloko Baserrira joan ahal izango dira.
Belaunaldi berrien txanda
Duela 25 urte ume zirenek euren altxorrak berreskuratuko dituzte, eta gaur egungo umeek berriak prestatuko dituzte. 2015 eta 2020 artean jaiotako Leioako gazteek tupper bana jaso ahal izango dute irailaren 23tik aurrera, etorkizunera bidali gura duten objektu, marrazki, mezu edo oroitzapen bat barruan gordetzeko.
Tupper berri horiek urriaren 31n lurperatuko dituzte, Leioaren 500. urteurrenaren ospakizunagaz batera. Eta berriro ere pazientzia beharko da barruan zer dagoen jakiteko; hau da, asmoa da beste 25 urtez gordeta egotea.
Horrela, 2001ean hasi zen jolasak belaunaldi berri bat izango du protagonista: batzuek haurtzaroan utzitakoa berreskuratuko dute aurten; beste batzuek, berriz, 2051n zabalduko duten altxorra prestatuko dute.