Tailerrak, enplegurako aukerak eta doako aholkularitza, Leioa Gaztearen udazkeneko eskaintzan

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 26a

arduera eta tailerretatik harago, egunerokoan lagungarriak izan daitezkeen zerbitzuak ere eskainiko dira.

Leioa Gazteak urteko azken hilabeteetarako prestatu duen programazioak aisialdia eta prestakuntza uztartuko ditu, gehienbat Aterpe Leioa Gaztegunean. Adinaren arabera ere izango dira aukera desberdinak, eta jarduera gehienetan plazak mugatuak izango dira.

Eskaintzaren barruan, zeinu-hizkuntzako ikastaro homologatua egingo dute urriaren 6tik azaroaren 12ra. 16 eta 30 urte arteko gazteentzako 15 plaza egongo dira, eta ikastaroa doakoa izango da. Guztira 30 orduko prestakuntza izango da, martitzen eta eguenetan, 17:00etatik 19:30era.

Lan bila dabiltzan edo euren etorkizun profesionala bideratu gura duten gazteentzako hitzordua ere izango da. Gaztelan Leioa urriaren 28an eta 29an egingo dute, eta bertan enpresak eta enplegu, prestakuntza, orientazio zein ekintzailetza arloko eragileak elkartuko dira. Horrela, gazteek eskura dituzten lan eta prestakuntza aukerak gertutik ezagutzeko aukera izango dute.

Sukaldaritza gustuko dutenek ere izango dute zer aukeratu. Munduko Sukaldaritzak zikloaren barruan, hainbat lekutako errezetak, zaporeak eta sukaldaritza-teknikak ezagutzeko aukera izango dute. Lehenengo saioa, Europako sukaldaritzari buruzkoa, urriaren 21ean izango da; abenduaren 2an, berriz, Ozeaniako sukaldaritza izango da protagonista. Bi jarduerak doakoak izango dira eta 12 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta egongo dira.

Hiru aholkularitza zerbitzu, doan

Jarduera eta tailerretatik harago, egunerokoan lagungarriak izan daitezkeen zerbitzuak ere eskainiko ditu Leioa Gazteak. Hiru aholkularitza zerbitzu izango dira, doakoak eta konfidentzialak.

Psikogazte Leioan laguntza psikologikoa eskaintzen dute gazteen eguneroko kezkak eta zailtasunak lantzeko; martitzenetan aurrez aurreko arreta izango da, 16:30etik 18:00etara. Galdetu Leioan, berriz, lan, lege edo administrazio kontuakaz lotutako zalantzak argitzeko orientazioa eskainiko dute eguaztenetan. Eta sexualitateagaz lotutako zalantzak dituztenek Leihosex zerbitzura jo ahal izango dute eguenetan. Azken bi horiek ere 16:30etik 18:00etara egongo dira erabilgarri.

Gaztelekun, astero zerbait

12 eta 17 urte artekoentzako, berriz, Gaztelekuk astero izango du planen bat. Irailaren 5ean mahai-futboleko txapelketagaz hasiko dira, eta hurrengo hilabeteetan sukaldaritza, zinema eta eskulan tailerrak, Little Secret txapelketa eta Halloween ospatzeko jarduera egingo dituzte, besteak beste.

Urte amaierak ere Gabonetako kutsua izango du: abenduaren 5ean Twister txapelketa egingo dute, hilaren 12an txokolate-jana eta, abenduaren 19an, Gabonetako postalak sortzeko tailerra. Gaztelekuko jarduera horietarako izen-ematea bertan egin beharko da.

Gainerako jardueretarako irailaren 1etik 17ra egongo da izena emateko aukera. Informazio gehiago gura dutenek Aterpe Leioa Gaztegunera jo, 94 405 58 50 telefonora deitu edo gazte@leioa.eus helbidera idatzi ahal izango dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun