TAO zerbitzua astelehenetik ostiralera 00:00etara luzatuko dute Leioan

Laura Fontalba Colomo 2026ko irailaren 1a

TAO zerbitzua 21:00etan amaitu beharrean, 00:00etan amaituko da. © LEIOAKO UDALA

Irailaren 1etik aurrera, Pinueta, Lamiako eta Ibaiondo auzoetan zerbitzuaren ordutegia zabaldu egingo dute. Udalak gaineratu duenez, aldaketak ez du inolako kostu ekonomiko gehigarririk ekarriko TAO-txartelaren titularrentzat, egungo baldintzak mantenduko baitira.

Aldaketa horregaz, lanegunetan, 21:00etan amaitu beharrean, 00:00etan amaituko da aparkaleku arautuaren zerbitzuaren ordutegia. Udalak adierazi duenez, auzokideekaz egindako bileretan, aparkatzeko zailtasunak nabarmendu ziren, batez ere, arrastiko eta gaueko tartean; beraz, erabakia euren eskaerei erantzuteko asmogaz hartu dela azaldu du Udalak.

Ordutegiaren luzapen horregaz, Udalak aparkaleku arautuko plazak erabiltzeko orduan egoiliarren lehentasuna indartu nahi duela adierazi du; horrela, egunaren azken orduetan ere etxebizitzatik gertu aparkatzeko aukera erraztuz. Hori dela eta, irailaren 1etik aurrera, TAO zerbitzua astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 00:00etara egongo da indarrean; larunbatetan, berriz, egungo ordutegia mantenduko da: 09:00etatik 13:30era.

Gainera, Udalak aitortu duenez, ekimen hau "Leioako mugikortasuna hobetzen jarraitzeko eta herritarrek planteatutako beharrei neurri zehatzen bidez erantzuteko udal-konpromisoaren barruan kokatzen da, auzoetako bizi-kalitatea hobetzen lagunduz".

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun