Udalak adierazi duenez, ikastaroek bizimodu osasungarriak sustatzeko eta kirola herritar guztien eskura jartzeko duen konpromisoa berretsiko dute. Izan ere, ikastaroak kirol batean hasi nahi dutenentzat zein euren gaitasunak hobetzen jarraitu nahi dituztenentzat pentsatuta daude.
Programazioari dagokionez, Udalak padel- eta igeriketa-ikastaroak nabarmendu ditu; denboraldiko eskaintzarik eskatuenetako bi izan baitira. Padelaren kasuan, haurrei zein helduei zuzendutako ikastaroak eskainiko dira. Taldeak mailaren arabera izango direnez, abuztuaren 31tik irailaren 6ra bitartean egin ahal izango dira maila-probak, eta izen-ematea Sakoneta eta Torresolo kiroldegietan aurrez aurre edo horretarako gaitutako posta elektronikoaren bidez egin ahal izango da. Plazak onartzeko epea irailaren 14tik 20ra izango da, eta behin betiko zerrendak irailaren 21ean eta 22an argitaratuko dira.
Era berean, igeriketa programak lau mailatan banatutako prestakuntza-ibilbide progresiboa eskaintzen du, ikaskuntza eta hobekuntza mailaz maila garatzeko. Zehaztu dutenez, horrez gain, haurtxoentzako, haurrentzako eta helduentzako ikastaroak eskaintzen ditu, adin-talde bakoitzaren beharretara egokitutako maila eta ordutegi desberdinakaz. Kasu horretan, izen-ematea irailaren 7tik 13ra izango da. Era berean, maila-probak eta izen-ematea Sakoneta eta Torresolo kiroldegietan aurrez aurre edo posta elektroniko bidez egin ahal izango dira. Plazak onartzeko epea irailaren 17tik 23ra izango da, eta behin betiko zerrendak irailaren 24an eta 25ean emango dira argitara.
Udalak gaineratu duenez, 2026-2027 denboraldian zehar, Leioa Kirolakek beste behin ere "herritarren eskura jartzen du kirol-eskaintza zabala, askotarikoa eta irisgarria, jarduera fisikoa, ikaskuntza eta kirolaren praktika jarraitua sustatzeko".