Udalak Leioa Modan ekimenaren desfilean parte hartzeko casting irekia abian jarri du

Laura Fontalba Colomo 2026ko irailaren 2a

Desfilea irailaren 24an izango da Artatza Jauregian. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak ekimenean parte hartu nahi duten herriko bizilagunen bila dabil; horregatik, irailaren 4an, casting irekia egingo dute, 16:00etatik 20:00etara, Leioako Behargintzan. Adierazi dutenez, ez da aldez aurretik esperientziarik izan behar eta esperientzia bizi nahi duten pertsona guztiei zuzenduta dago.

Leioako Udalak jakinarazi duenez, tokiko moda-desfilea jarriko du abian, merkataritzari ikusgarritasuna eman, indartu eta babesteko helburuagaz. Izan ere, ekimenak "estetika- eta edertasun-establezimenduak eta profesionalak jarriko ditu balioan", eta irailaren 24an, 19:30ean, Artatza Jauregian egingo den desfileagaz amaituko da.

Horregaz, tokiko merkataritzaren eskaintzaren aniztasuna eta kalitatea herritarrengana hurbildu gura dutela azaldu dute; eta, aldi berean, hurbileko kontsumoa sustatzea eta merkataritzaren eta Leioan bizi diren pertsonen arteko lotura indartzea ditu helburu, kale biziak eta gertuko eta askotariko merkataritza-sarea mantentzen laguntzeko.

Leioa Modan udalerriarentzat bereziki esanguratsua den urte batean jarriko da abian, Leioak 500 urte bete dituen urtean. Horrela, ekimena 500. urteurrenaren ospakizunetara gehitzen da merkataritzaren arlotik, gaur egungo Leioari eta udalerriari egunero bizia ematen dioten pertsonei eta negozio txikiei begira", gaineratu du Udalak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun