Umore Azokaren 2027ko irudia sortzeko kartel-lehiaketa daborduko abiatu da

Izaro Garcia 2026ko irailaren 3a

Parte hartu gura dutenek azaroaren 13ra arte izango dute proposamenak Kultur Leioan aurkezteko aukera.

Diseinatzaile, artista zein sortzaileek badute erronka berria: datorren urteko Umore Azokari irudia jartzea. Lehiaketa partikularrei zein enpresei dago zuzenduta, eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi proposamen aurkeztu ahal izango ditu.

Teknika aukeratzeko askatasun osoa izango dute, baina baldintza argi bategaz: adimen artifizialagaz sortutako irudiak ez dira onartuko. Diseinuan erabilitako marrazki, argazki, ilustrazio eta gainerako elementuek originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Plagiotzat jotzen diren lanak ere lehiaketatik kanpo geratuko dira.

Kartelak euskaraz eta gaztelaniaz egin beharko dira, eta Umore Azokaren XXVII. edizioaren informazio ofiziala jaso beharko dute. Era berean, ezarritako neurriak edo testuak errespetatzen ez dituzten proposamenak baztertu ahal izango dituzte, baita askatasunaren, berdintasunaren edo pertsonen duintasunaren aurkako edukia dutenak ere.

Karteletik harago

Irabazlearen lana ez da Leioako kaleetan ikusiko den kartelera mugatuko. Umore Azokaren 2027ko irudi nagusia izango da, eta hainbat euskarritara egokituko dute: gonbidapenak, iragarkiak, txartelak, oihalak, monolitoak eta bestelako komunikazio-elementuak egiteko erabiliko dute.

Horregatik, irabazleak diseinuan erabilitako elementuak eta artxiboak eman beharko ditu, baita lanaren bertsio editagarria ere, formatu desberdinetara moldatu ahal izateko.

Azaroaren 13ra arte

Parte hartu gura dutenek azaroaren 13ra arte izango dute proposamenak Kultur Leioan aurkezteko aukera. Lanak lema edo goiburu baten pean entregatu beharko dira, egilearen izenik edo sinadurarik gabe. Egilearen datuak, curriculum laburra, telefono-zenbakia eta NANa aparteko gutun-azal itxi batean sartu beharko dira.

Epaimahaiak aukeratutako proposamena abenduan jakinaraziko dute, eta irabazleak 1.400 euroko saria jasoko du. Haren diseinua izango da, hortik aurrera, 2027ko maiatzaren 6tik 9ra Leioako kaleak berriro antzerkiz, zirkoz, dantzaz eta kale-arteen bestelako diziplinez beteko dituen Umore Azokaren aurkezpen-gutuna.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun