Leioak gaitasun handiei buruzko jardunaldia hartuko du irailaren 19an

Laura Fontalba Colomo

Irailaren 19an, 10:00etatik 17:15era, Kultur Leioan. © LEIOAKO UDALA

Bizkaiko Gaitasun Handiko Familien Eskolak antolatuta, gaitasun handiak dituzten haur eta nerabeen gurasoei zuzendutako jardunaldia izango da. 

Antolatzaileek gaitasun handiak dituzten seme-alaben familiei laguntza, sentsibilizazioa eta babesa eskaintzeko lan egiten dute; ildo horretan, irailaren 19an, zapatuan, Leioako familiei zuzendutako jardunaldia antolatu dute. Helburua "gaitasun handiak zientziaren, esperientzia pertsonalaren eta familia-laguntzaren ikuspegitik ulertzea da, familiei errealitate horren inguruko ikuspegi desberdinak ezagutzeko eta esperientziak partekatzeko gune bat eskainiz". 

Azaldu dutenez, Iban Rodríguez Etxebarria Leioako alkateak egingo du jardunaldiaren irekiera, eta Jana Martinez Piquerasek, Javier G. Recuencok, Pepe Perezek, Ayalga zentrokoa, Eneko Axpek, Igor Yebrak eta Robert Melillo doktoreak parte hartuko dute, bakoitzak bere ezagutza eta esperientzia partekatuz.

Jardunaldia Kultur Leioan egingo da, goizeko 10:00etatik 17:15era. Sarrera doakoa izango da, baina tokia mugatua dela adierazi dute; beraz, bertaratu nahi dutenek esteka honetan eman behar dute euren izena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun