Hiru egunez, era guztietako liburuen artean arakatzeko aukera izango dute Kultur Leioara hurbiltzen direnek. Aleak urtean zehar bildu dituzte, eta Leioako Liburutegiko langileek hautatu eta sailkatu dituzte azokara eraman aurretik. Ateak 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik.

Erosketa bakoitzak, gainera, beste helburu bat izango du; hau da, aurten jasotako diru guztia Sortarazi elkartearen Hazia Programara bideratuko dute, zaurgarritasun-egoeran dauden Leioako pertsona eta familien oinarrizko beharrak asetzen laguntzeko.
Azokak aurretik ere lagundu izan dio Sortaraziri, iaz izan ezik. 2025eko edizioan 3.180 euro inguru bildu zituzten, eta dirua 2024ko DANAk Valentziako hainbat herritan kaltetutako liburutegiak lehengoratzen laguntzeko erabili zuten.
Aurten, beraz, apalategirako irakurgai berriren bat merke topatzeko aukera izateaz gain, liburu bakoitzagaz elkartasunari ale txiki bat gehitzeko aukera izango dute leioaztarrek.