IRITZIA

Arrakastaren beste aldeak

Ariane Ellacuria

Autoestimu independentea eraikitzeko eta emozioak kudeatzeko estrategiak ikasi daitezke.

Askotan, gaitasun intelektual handiak izatea abantaila hutsa balitz bezala irudikatzen dugu gizartean. Badirudi pertsona hauek dena errazago izango dutela: azkarrago ikasiko dutela, mundua errazago ulertuko dutela eta emaitza akademiko bikainak lortuko dituztela. Hala ere, mito asko daude eta errealitatea askotan konplexuagoa da.

Gaitasun intelektual handiak dituzten haur eta gazte askok ez dituzte beti emaitza akademiko bikainak lortzen. Batzuetan zereginak saihestu dezakete, interes falta, asperdura, erritmo motela edo arloari aurre egiteko estrategia faltagatik. Beste batzuetan, perfekzionismoa edo jarrera obsesiboak ager daitezke, dena ezinbesteko moduan ondo egin behar dutela sentitzen dutelako. Egoera horiek estresa, frustrazioa eta emaitza kaskarrak ekar ditzakete eta testuinguru horretan, norberaren balorazioa, hau da, autoestimuaren gaia bereziki garrantzitsua bihurtzen da.

Haur askok txikitatik jasotzen dituzte laudorioak beren gaitasunengatik: “zein azkarra den", “zein argia den", “zein ondo egiten duen dena". Laudorio horiek maitasunez, harrotasunez eta asmo onekin esaten dira, noski. Baina askotan, oharkabean, mezu sotil bat transmititzen da: pertsona horren balioa bere emaitzekin edo bere errendimenduarekin lotuta dagoela.

Horrela garatu daiteke menpeko autoestimua. Hau da, norberaren balioa besteen iritziaren edo lortutako emaitzen arabera neurtzea.

Gainera, haur horiek askotan “azkarra", “argia" edo “beti nota onak ateratzen dituena" bezalako etiketekin identifikatzen dira. Denborarekin, etiketa horiek identitatearen parte bihur daitezke. Arazoa, identitate hori emaitzen gainean eta kanpoko balorazioetan eraikita dagoenean agertzen da, lehenengo zailtasunek (lehenengo notak, kurtso edo klase aldaketak, irakasle berriak, talde soziala…) kolpe handia eragin dezaketela autoestimuan.

Horrelako egoeretan, akatsak egiteko beldur handia ager daiteke. Batzuetan ez da porrota bera mingarriena, baizik eta porrot horrek norberari buruz duen irudia kolokan jartzea.

Batzuetan ez da porrota bera mingarriena, baizik eta porrot horrek norberari buruz duen irudia kolokan jartzea.

Halako egoerak sarritan ikusten dira. Adibidez, gazte batek kontatzen zuen bere bizitza akademiko guztian emaitza oso onak izan zituela. Bere helburua ingeniaritza ikastea zen, eta selektibitatean ahalik eta nota altuena lortu nahi zuen. Azkenean, behar adina nota lortu zuen ingeniaritzan sartzeko. Hala ere, berarekin hitz egitean oso dezepzionatuta eta goibel sentizen zen. Porrot sentsazio handia zuen barnean, bere balioa nota horren arabera neurtzen zuelako. Helburua lortu arren, bere buruarekin etsita sentitzen zen.

Antzeko zerbait gertatzen da kirolaren munduan ere. Eliteko kirolaria zen haur bat, nerabezaroan sartzen ari zena. Urteetan, familia eta entrenatzaileek esperantza handiak jarri zituzten, baita diru eta denbora asko inbertitu ere. Hainbat lehiaketa irabazi zituen eta ingurukoek txalotu egiten zuten bere arrakastagatik. Hala ere, presio horrek eta bere burua baloratzeko joera, antsietate handia eta estresa sortzen zion. Askotan, pentsamendu bat zegoen bere buruan “hoberena izen behar naiz". Gainera, partida batean galtzen hasi zenean, askotan haserre eta frustrazio handiko momentuak izaten zituen, eta horrek bere errendimendua okertu egiten zuen. Kirola bere pasioa izateagatik, amets gaiztoa bihurtzen hasten ari zen bere burua ezagutzen eta emozioak kudeatzeko tresnak lantzen hasi zen arte.

Batzuetan, autoestimua beste modu sotilagoetan ere lotzen da besteen balorazioarekin. Neska batek kontatzen zuen bere ikaskideen artean bereizten saiatzen zela, taldean baloratua izateko. Gainera, oso sortzailea zen: sare sozialetan bideoak egitea gustatzen zitzaion eta erraz sartzen zen paper edo rol desberdinetan. Trebetasun horri esker, sare sozialetan neska popularra eta politaren paperean bideoak sortzen hasi zen, eta bere inguruan balorazio handia jasotzen zuen. Hasieran puxika bat bezala puzten zen, eta handitasuna sentitzen zuen like, mezu edo pertsonak berarekin egon nahi zutenean. Baina balorazio hori galtzen zuenean, edo beste pertsona batzuek arreta handiagoa jasotzen zutenean, segurtasun falta, antsietatea, tristura edo frustrazioa sentitzen zuen. Norberaren balioa berriro ere kanpoko erantzunen menpe geratzen delako.

Beste kasu batean, autoestimua ikasgelan bertan ikusten zen. Ume batek beti lehenengo emaitzak zituen ariketetan. Sarritan ozen esaten zuen: “nik bukatu dut jada", edo “hau horrela dago, ezta?". Batzuetan beste ikaskideei ere esaten zien: “hori ez duzu ondo egin" edo “hori ez da horrela", batzuetan azalpen luze bat gehituz.

Kanpotik harrokeria edo nagusitasun jarrera zirudien besteon begietan. Baina, sakonean, balioa sentitzeko modu bat zen. Besteen aurrean azkarra, trebea edo jakintsua dela erakustea bere autoestimua mantentzeko estrategia bihurtu zen.

Denborarekin, ordea, ikaskideek urrundu egiten ziren, nekagarri edo desatsegin sentitzen zutelako eta batzuetan borroka seriagoak izaten zituen. Paradoxikoki, ikasle hori bakarrik sentitzen zen eta batzuetan bera saiatzen zen besteengana hurbiltzen, jolasteko edo hitz egiteko, baina besteek saihestu egiten zuten. Azkenean, bere balioa defendatzeko erabiltzen zuen estrategia besteon aurrean maitasuna merezi zuen pertsona bezala aurkezteko bakardadearen iturri bihurtu zen.

Sortez, gero eta gehiago hitz egiten da autoestimu independentea lantzearen garrantziaz. Autoestimu independentea garatzea esan nahi du pertsona batek bere burua baloratzea bere emaitzetatik edo besteen iritzietatik harago. Norberaren balioa ez aldatzea “arrakasta" edo “porrota" dagoenean, baizik eta norberaren burua pertsona izate hutsagatik baloratzea.

Autoestimu independentea garatzea esan nahi du pertsona batek bere burua baloratzea bere emaitzetatik edo besteen iritzietatik harago.

Horrek ez du esan nahi ahalegina edo lorpenak garrantzitsuak ez direnik. Baina arreta prozesuan jartzea dakar: ikasteko bidean, egindako ahaleginean eta saiakera berrietan. Hezkuntza testuinguruan, askotan emaitza baino gehiago prozesua baloratzea da garrantzitsua: ikasteko egindako lana, autokontrola, estresaren kudeaketa, jakin-mina, saiatzeko prestutasuna edo erronkei aurre egiteko ausardia.

Etxean ere antzeko zerbait gerta daiteke. Batzuetan ohituta gaude haurrak edo gazteak portaera egokia dutenean soilik goraipatzera. Baina oso baliotsua izan daiteke maitasuna eta estimua erakustea inolako lorpenik gabe ere: besterik gabe, pertsona horiek direlako eta prozesuan eta haien kudeaketan garrantzia jartzea: “zein azkarra zaren" “zein azkar egin duzun" edo “ze ondo geratu zaizun", esan beharrean “gustatu zait nola saiatu zaren", “lasai egon zara eta pazientzia izan duzu", “xehetasunetan atentzio gehiago jarri duzu", “arazoa konpondu ezin zenuenean irtenbideak bilatu dituzu edo laguntza eskatu duzu" esatea.

Era berean, garrantzitsua da gurasoek eta hezitzaileek beraiek ere autoestimu independentea praktikatzea egunerokoan. Haurrak eta gazteak ez dute soilik entzuten dutena ikasten; batez ere ikusten dutena barneratzen dute. Helduok geure burua nola tratatzen dugun, akatsen aurrean edo besteon kritika edo balorazioen aurrean emozionalki nola erreakzionatzen dugun ere eredua bihurtzen da. Aldiz, akatsak ikasteko aukeratzat hartzen baditugu, eta gure balioa egoera jakin batetik harago ikusten badugu, hori ere ikasten dute inguruko txikiek, nahi edo ez.

Haurrak eta gazteak ez dute soilik entzuten dutena ikasten; batez ere ikusten dutena barneratzen dute.

Hala ere, egoera hau ez da betiko. Autoestimua independentea eraikitzeko eta emozioak kudeatzeko estrategiak ikasi daitezke. Gaitasun intelektual handiak dituzten gazte askok, “Ferrari bat edukitzea bezalaxe", trebetazun handiak dituzte, baina ikasi behar dute nola “gidatu" eta ikasten dute. Izan ere, esku-hartze egoki eta pertsonalizatuari oso ondo erantzuten diete; sarritan oso azkar ikasten dituzte beren ahalegina, emozioak eta erronkak kudeatzeko estrategiak. Gazteek eta familiek praktika eta jarraibide argiak jasotzen dituztenean, emaitza ikusgarriak lortzen dituzte gehienetan, eta autoestimua sendotu egiten da.

Azken batean, gaitasun intelektual handiak opari handia izan daitezke. Baina pertsona baten ongizatea ez da soilik bere gaitasunetan oinarritzen, baizik eta bere buruarekiko eta munduarekiko erlazioarekin. Eta agian hori da gazteen direnei transmititu dezakegun mezu garrantzitsuenetako bat: gure balioa garenean dago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun