12.000 euro bideratuko dituzte kirol egokitua eta kirolari leioaztarrak laguntzera

Izaro Garcia

Eskaerak egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dira, baita aurrez aurre ere. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak kirol-jarduera sustatzeko bi dirulaguntza deialdi jarri ditu martxan, bakoitza 6.000 eurokoa. Lehenengoa aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako kirol-jarduerak antolatzen dituzten herriko elkarteentzat izango da; bigarrena, berriz, banakako lehiaketetan aritzen diren kirolari ez-profesionalentzat.

Kirol egokitua eta inklusiboa sustatzeko laguntzak eskatzeko epea daborduko zabalik dago, eta interesa duten elkarteek irailaren 30era arte izango dute eskaera egiteko aukera. Deialdia 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako kirol-jarduerak egin dituzten Leioako kirol-elkarteentzat da.

Laguntza jaso ahal izateko, elkarteek egoitza soziala edo establezimendu iraunkorra Leioan izan beharko dute, eta udaleko zein Eusko Jaurlaritzako elkarteen erregistroetan izena emanda egon. Eskolaz kanpoko jarduerak eta ikastetxeek antolatutakoak, aldiz, deialditik kanpo geratuko dira.

Udalak gehienez 6.000 euro banatuko ditu. Laguntzak ematerakoan, besteak beste, proiektuaren originaltasuna eta interesa, jardueraren kostua, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko egindako lana, beste finantzaketa-iturri batzuk lortzeko zailtasuna eta euskararen zein gaztelaniaren erabilera hartuko dituzte kontuan. Eskaerak Leioako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dira.

Banakako kirolarientzat, beste 6.000 euro

Bestalde, urriaren 1ean banakako lehiaketetan aritzen diren kirolari ez-profesionalentzako laguntzak eskatzeko epea zabalduko da, eta urriaren 31ra arte egongo da zabalik.

Laguntzak 1985 eta 2010 artean jaiotako eta Leioan erroldatutako kirolariek eskatu ahal izango dituzte, betiere dagokien federazio-lizentzia badute eta ezarritako gainerako baldintzak betetzen badituzte. Gainera, 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean banakako lehiaketaren batean parte hartu beharko dute.

Bigarren deialdi horretarako ere 6.000 euroko poltsa prestatu du Udalak, eta kirolari bakoitzak gehienez 2.500 euro jaso ahal izango ditu. Dirulaguntzak banatzeko orduan, lehiaketa mota eta lortutako kirol-emaitzak hartuko dituzte kontuan, besteak beste.

Kasu horretan, eskaerak egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dira, baita aurrez aurre ere, Udaletxeko edo Gaztelubideko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun