Iturgintzatik autodefentsa feministara, LAKETen ikasturte berria

Izaro Garcia

Jardueretan parte hartu gura dutenek irailaren 21etik urriaren 14ra izango dute izena emateko aukera.

Oinarrizko iturgintza ikasi, argazkigintzan edo dantzan aritu, autodefentsa feminista landu edota menopausiaz, amatasunaz eta sexualitateaz hitz egin. Askotariko proposamenak ekarriko ditu LAKET Leioako Emakumeen Jabekuntza Eskolaren zortzigarren edizioak. Ikastaroak urritik maiatzera egingo dituzte, eta izena emateko epea irailaren 21ean zabalduko da.

Beste urte batez, LAKETek emakumeek elkar ezagutzeko, ikasteko eta askotariko gaiak elkarregaz lantzeko espazioa eskainiko du. 2026-2027ko programazioa hiru adarretan banatuko dute: Emakumeen Jabekuntza Eskola, Neska Gazteen Txokoa eta Gazteentzako Berdintasun Eskola, adin eta interes desberdinetara egokitutako jarduerekaz.

Emakumeei zuzendutako eskaintzan egunerokoan erabilgarriak izan daitezkeen proposamenak eta hausnarketarako espazioak uztartuko dituzte. Besteak beste, oinarrizko iturgintza, autodefentsa feminista, argazkigintza, dantza eta ongizate emozionala lantzeko tailerrak egingo dituzte. Horrez gain, amatasuna eta feminismoa, menopausia, alarguntasuna, desira eta sexualitatea ere izango dituzte berbagai, ikuspegi feministatik. Aurreko edizioetan ere askotariko gaiak landu dituzte LAKETen, hala nola zurgintza, sexu-hezkuntza, bakarrik bidaiatzea edo irakurketa feminista.

Jardueretan parte hartu gura dutenek irailaren 21etik urriaren 14ra izango dute izena emateko aukera. Aurrez aurre egin ahal izango dute Leioako Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan eta Gaztelubiden; Internet bidez ere egin ahal izango da, udalaren egoitza elektronikoan edo webgunean. Ikastaro guztiak doakoak izango dira, irisgarritasuna bermatuko dute eta, aldez aurretik eskatuz gero, haurtzaindegi-zerbitzua ere egongo da.

Plazak mugatuak izango dira eta, eskaera gehiago egonez gero, izena eman duten emakumeen artean zozkatuko dituzte, leioaztarrei lehentasuna emanda. Onartutakoen zerrenda urriaren 22an argitaratuko dute Kultur Leioan, LAKETen, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan eta udalaren webgunean.

Jarduera gehienak LAKETen egoitzan egingo dituzte, Mendibileko Eskoletako eraikinean, Mendibil kaleko 13. zenbakiko lehen solairuan, bestelakorik adierazten ez bada.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun