Altxorra jasotzeko, ezinbestekoa izango da duela 25 urte ekimenean parte hartu zuen pertsonaren NANa aurkeztea. Tupperra beste norbaitek jasoko badu, berriz, pertsona horrek bere NANAa eraman beharko du.
Baina kodea ez aurkitzeak ez du esan gura tupperra galdu denik. Izan ere, baliteke 2001ean erregistro-inprimakia bete ez izana, edo, urte guzti hauen ostean, ontzian agertzen ziren datuak behar bezala irakurri ezin izatea. Horrelako kasuetarako, ilaran gune berezi bat prestatuko dute Pinosolon, identifikatu gabe geratutako tupperrak berrikusi eta parte-hartzaileei euren altxorra aurkitzen laguntzeko.
Tupperren artean norbaitek berea izan daitekeela uste duen bat ezagutzen badu, baina beste kode bategaz agertzen bada edo identifikatu gabe badago, antolakuntzari jakinarazi ahal izango dio. Ontzia ez diote momentuan emango: urriaren 30era arte gordeko dute, beste norbaitek ere erreklamatzeko aukera izan dezan. Erreklamazio bakarra badago, berea dela identifikatu pertsonari emango diote; bi lagunek tupper bera eskatzen badute, berriz, Udala biekaz harremanetan jarriko da egoera argitzen saiatzeko.
Ekimenaren jatorria 2001eko urriaren 31an dago. Izan ere, Leioaren 475. urteurrena ospatzeko, herriko ikastetxeetako umeek etorkizuneko euren buruarentzat bereziak ziren objektuak bildu zituzten: gutunakk, argazkiak, liburuak, marrazkiak eta bestelako oroigarriak. Garai hartako udal aldizkariak 2.00 ume ingururen parte-hartzea jaso zuen, eta material guztia sei edukiontzitan lurperatu zuten, 25 urtez gordetzeko.
Mende laurden geroago, promesa betetzeko eguna heldu da. Irailaren 19ko hitzordua 10:15ean hasiko da, Boulevardean, Oinezkoaren Martxagaz. Txaranga batek lagunduta Pinosolora helduko dira parte-hartzaileak, eta han egingo dute tupperren itzulketa. Gainera, egungo umeek ere euren etorkizuneko altxorra prestatzeko aukera izango dute: tupper berri batean objektu, argazki, marrazki edo gutun bat gorde, urriaren 31n lurperatu eta beste 25 urte barru berreskuratzeko.