Leioa berriro jarriko da martxan Kirolur Erronkaren udazkeneko ligan

Izaro Garcia

Oraindik parte hartu ez dutenek doan egin dezakete.

Oinez, korrika, bizikletaz edo bestelako jarduera fisikoren bat eginez, egindako kilometroek Leioari puntuak emango dizkiote irailaren 23tik aurrera. Kirolur Erronkaren hirugarren eta azken liga hasiko da egun horretan, eta Bizkaiko udalerriak berriro lehiatuko dira herririk aktiboena zein den erabakitzeko. Udazkeneko fasea urriaren 23ra arte luzatuko da.

Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimenak herritarrak gehiago mugitzera animatzea du helburu. Aurten udaberriko eta udako ligak egin dituzte dagoeneko, eta bien artean milioi bat kilometro aktibo baino gehiago pilatu dituzte parte-hartzaileek. Udako fasean bakarrik, 63 udalerritako 5.301 lagunek 537.005 kilometro egin zituzten, eta Loiu izan zen sailkapeneko lehen udalerria.

Orain, ordea, dena hutsetik hasiko da. Udazkeneko ligari begira kontagailuak zerora itzuliko dira, eta udalerri guztiek aukera berberak izango dituzte sailkapenean gora egiteko.

Parte hartzeko ez da Leioan erroldatuta egon beharko. 14 urtetik gorako edonork aukeratu ahal izango du Leioa bere talde gisa, betiere udalerriagaz nolabaiteko lotura badu. Aurreko ligetan Leioako taldeagaz bat egin zutenek ez dute berriro izena eman beharko; jarduera erregistratzen jarraitzea nahikoa izango dute.

Oraindik parte hartu ez dutenek doan egin dezakete. Horretarako, Wellk aplikazioa deskargatu, izena eman eta Kirolur erronken atalean Leioako taldea aukeratu beharko dute. Ondoren, mugikorraren GPSagaz erregistratu ahal izango dute jarduera, edo Strava, Garmin, Fitbit, Health Connect eta Apple Health bezalako aplikazio zein gailuak sinkronizatu.

Ahaleginak sari txiki bat ere izan dezake. Gutxienez 300 jarduera-puntu lortzen dituztenek Kirolur Erronkaren merchandising-a eskuratzeko aukera izango dute, Leioari dagozkion unitateak amaitu arte. Gainera, udalerria emaitzarik onenak lortzen dituztenen artean geratzen bada, tokiko kirol-klubentzako materiala erosteko dirua jasoko du.

Kirolurrek hiru liga ditu urtean, eta udazkenekoa izango da azken aukera 2026ko sailkapenean kilometroak eta puntuak gehitzeko. Aurreko bi faseetako emaitzek erakutsi dute udalerri txikiek ere lehen postuetara heltzeko aukera dutela, sailkapenak biztanleria kontuan hartzen duen ponderazio-sistema erabiltzen baitu. Informazio gehiago gura dutenek Kirolur Erronkaren webgunea kontsulta dezakete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun