EH Bilduk sei neurri proposatu ditu San Bartolomeko asto-proben inguruko gatazkari irtenbidea bilatzeko

Izaro Garcia

Azken urratsa San Bartolomeko herritarren artean kontsulta egitea da.

San Bartolomeko asto-proben inguruan azken hilabeteetan piztutako eztabaidari irtenbidea bilatzeko proposamena aurkeztu du Leioako EH Bilduk. Alderdiak sei neurri jarri ditu mahai gainean; besteak beste, proba horiek udal-dirulaguntzetatik kanpo uztea, herritarren parte-hartzerako araudia aldatzea, auzoko eragileak batuko dituen aholku-kontseilua sortzea eta, azken urrats gisa, San Bartolomen herri-kontsulta egitea.

Asto-proben inguruko eztabaidak indar berezia hartu zuen udan. Leioa Animaliekiko Tratu Txarren Aurka ekimenak 3.000 sinadura baino gehiago bildu zituen probak jai-programatik kentzea eta animaliakaz egiten diren harri-arraste probetarako udalaren babesa etetea eskatzeko. Herri-ekimena uztaileko osoko bilkurara heldu zen, baina ez zuen aurrera egin; izan ere, EAJk, EH Bilduk eta PPk kontra bozkatu zuten; PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek, berriz, alde. 

EH Bilduk orduan Udalak ez duela proba horiek baimentzeko edo debekatzeko eskumenik argudiatu zuen, eta udal-idazkaritzaren legezkotasun-txostena aipatu zuen bere botoa azaltzeko. Orain aurkeztutako dokumentuan ere ildo horri eutsi dio; hau da, alderdiaren interpretazio juridikoaren arabera, mota horretako probak baimentzea Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio. Animalien aldeko plataformak, aldiz, udalaren eskumenei buruzko bestelako interpretazioa defendatzen du, bereziki udal-espazioaren erabilerari eta finantzaketari dagokienez. 

Udal-dirulaguntzarik ez 

Horren aurrean, EH Bilduren lehenengo proposamena 3.000 sinadura ingururen berri Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari helaraztea da, gaiaren gaineko araudia aldatzeko eskumena duten erakundeek herrian dagoen desadostasuna ezagutu dezaten.

Bigarren eta hirugarren neurriek diru publikoari eragiten diote. Koalizioak animalien babeserako udal-ordenantza eta dirulaguntzen ordenantza aldatzea proposatu du, Asto Probak eta Idi Probak zuzenean zein zeharka udal-dirulaguntzarik gabe uzteko. EH Bilduk zehazten du ez duela proben legezkotasuna zalantzan jartzen; bere proposamena, egiten jarraituz gero, haien finantzaketa antolatzaileen esku geratzea da, baita jaietarako udal-dirua gainerako ekitaldietara bideratzea ere.

Auzokideak erdigunean

Beste aldaketa nagusia herritarren parte-hartzeari lotuta dago. EH Bilduk udalaren Antolaketa eta Herritarren Partaidetzarako Erregelamendua moldatu gura du, herri-kontsultak udalerri osoan ez ezik auzo jakin batean ere egin ahal izateko. Era berean, sinadura-bilketak sustatzen dituztenei udal-idazkaritzaren aurretiazko aholkularitza eskaintzea proposatu du, prozedurak hasieratik baldintza juridiko eta formalak bete ditzan.

EH Bilduk gatazkan dauden aldeak mahai beraren inguruan esertzeko proposamena ere egin du. Horretarako, San Bartolomeko asto-proben inguruko sektore-izaerako Aholku Kontseilua sortzea planteatu du. Bertan auzoko, kulturako eta jai-antolakuntzako elkarteek, animalien aurkako tratu txarren kontra lan egiten duten eragileek eta udal-talde politikoek parte hartzea aurreikusten dute. Helburua elkarrizketarako espazio bat sortzea eta, posible bada, akordio oso edo partzialak lortzea litzateke.

Proposamen-sortaren azken urratsa San Bartolomeko herritarren artean kontsulta egitea litzateke. EH Bilduk planteatutako galdera honakoa da: "Ados al zaude San Bartolome auzoan animaliekin harria arrastatzeko probak egitearekin?". Horretarako, lehenago herritarren parte-hartzerako udal-araudia aldatu beharko litzateke eta dagokion baimena lortu.

Asto-proben inguruko desadostasunak, beraz, ez du amaitutzat eman azken hilabeteetan Leioan zabaldutako eztabaida.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun