Pasarelaren berezitasuna, hain zuzen ere, modeloetan egongo da. Ez dira profesionalak izango, casting ireki baten bidez aukeratutako leioaztarrak baizik. Irailaren 4an egin zuten hautaketa Behargintzan, aurretiazko esperientziarik eskatu gabe. Helburua herritarrek ere ekimenaren parte izatea eta, egun batez, benetako moda-desfile baten esperientzia bizitzea izan da.
Haiek izango dira Leioako saltokiek udazken-negurako prestatu dituzten proposamenak erakutsiko dituztenak. Moda eta osagarriak izango dira nagusi, baina pasarela ez da arropetara mugatuko: bitxigintza, optika, estetika, ile-apainketa eta irudi pertsonalagaz lotutako negozioek ere hartuko dute parte.
Guztira, 17 saltoki batuko dira ekimenera: LOYCAR, Flovar Bolsos y Moda, Gabinete47, Los Chicos-Leioa, Modas Jahypur, Meraki, El Baúl de Daniela, Eguzkidenda, Úrsula, Cotiel, Aitor Kirolak, Joyería Flovar, Barbería Casual, Dibalune, Estética Eli, Juguetería Itziar eta Óptica Elguezabal.
Desfile hutsa baino zerbait gehiago izatea gura dute, gainera. Yolanda Alzola arduratuko da aurkezpenaz, eta Estrella Electronica DJak jarriko dio musika gauari. Eszenatokia ere ez da ohikoa izango; izan ere, Artatza Jauregiko lorategietan egingo dute.