11.000 lagun baino gehiago batu ditu Leioaren 500. urteurreneko egun handiak

Izaro Garcia

Arrastian, ospakizuna Pinosolotik Lamiakora lekualdatu zen. © LEIOAKO UDALA

Haurtzaroko oroitzapenak berreskuratu goizean, eta Still Rising, Janus Lester eta La M.O.D.A.ren doinuakaz gozatu gauean. Leioak 500. urteurreneko egunik jendetsuenetako bat bizi izan zuen zapatuan, irailaren 19an. Udalaren datuen arabera, 1.000 lagun baino gehiago batu ziren Pinosolon Leioak altxor bat du ekimenean, eta 10.000 inguru hurbildu ziren gaueko kontzertuetara.

Eguna goizean hasi zen, Boulevardetik Pinosolora egindako Oinezkoen Martxagaz. Helmugan, 25 urteko itxaronaldiari amaiera emateko unea heldu zen: 2001ean ume zirela tupperretan gordetako argazki, gutun, objektu eta bestelako oroitzapenak berreskuratu zituzten orduko parte-hartzaileek. Martxan eta ondorengo ekitaldian 1.000 pertsona baino gehiago batu ziren.

Eguneko une sinbolikoenetako bat Udalak berak 2001ean gordetako altxorra irekitzea izan zen. Iban Rodriguez Etxebarria egungo alkateak eta Karmelo Sainz de la Maza orduko alkateak zabaldu zuten elkarregaz, duela mende laurdeneko Leioa eta gaur egungoa keinu berean batuz.

Ekimena, gainera, ez da hemen amaituko. Irailaren 24tik aurrera, 2015 eta 2020 artean jaiotako ume leioaztarrek euren tupperra jaso ahal izango dute, etorkizuneko euren buruarentzat objektu, mezu edo oroitzapenen bat gordetzeko. Tupper berriak urriaren 31n lurperatuko dituzte, belaunaldi berri batek urte batzuk barru berriro lurpetik ateratzeko.

Lamiako, musikaz lepo

Arrastian, ospakizuna Pinosolotik Lamiakora lekualdatu zen. Metro-geltokiaren ondoko aparkalekua agertoki handi bihurtu zuten, eta 10.000 lagun inguru hurbildu ziren antolatzaileen arabera. Kontzertuak doakoak izan ziren eta Leioaren 500. urteurreneko programazioaren barruan antolatu zituzten. 

 

Still Rising talde leioaztarrak, Hamaika Soinu lehiaketako irabazleak, agertokia zabaldu zuen; ondoren Janus Lesterrek hartu zuen lekukoa, eta La M.O.D.A.-k eman zion amaiera gauari, milaka lagun agertokiaren aurrean zituela.

Hala, 500. urteurreneko ospakizunak bi belaunaldi eta bi une oso desberdin elkartu zituen egun berean: duela 25 urte lurperatutako oroitzapenak goizean eta milaka lagunentzako kontzertuak gauean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun