Kultura, musika eta gastronomia batuko ditu Leioako Kultura Aniztasunaren Asteak

Izaro Garcia

Egun osoan zehar gastronomia, tailerrak eta kultura ezberdinetako proposamenak izango dira.

Leioak Kultura Aniztasunaren Astearen hirugarren edizioa ospatuko du irailaren 29tik urriaren 3ra, herrian bizi diren kultura ezberdinak elkartu eta elkar ezagutzeko asmoz. Bost eguneko egitarauak umeentzako tailerrak, musika, dantza eta gastronomia uztartuko ditu, eta Munduko Arrozak ekimenagaz emango diote amaiera.

Lehenengo hitzordua irailaren 29an, 18:30ean, izango da Boulevardeko STOA gunean, etxeko txikienentzat eta familientzat prestatutako bi tailerregaz. Alde batetik, 4 eta 10 urte arteko umeek Kometak Palestinarentzat tailerrean parte hartu ahal izango dute; bestetik, 9 eta 12 urte artekoentzat Gu garen etxea buztinezko pintura tailerra egingo dute. Jolasaren eta sormenaren bidez, kultura-aniztasunera hurbiltzea izango da bien asmoa.

Hurrengo egunean, irailaren 30ean, musikak hartuko du lekukoa. Arrazakeriaren aurkako Cumbia tailerra egingo dute 18:30ean Euskal Etxeen plazan, musika eta mugimendua kultura-aniztasunaren inguruan lan egiteko erabilita.

Urriaren 1ean, berriz, perkusioa kalera aterako dute Oihartzun feministaren batukada ekimenagaz. Kalejira 18:30ean abiatuko da Sabino Arana kaleko 49. zenbakitik eta Elexaldeko Jokin tabernaraino helduko da. Ibilbidearen amaieran kulturarteko dastaketa egingo dute, musikaren bueltan elkartu eta hainbat zapore ezagutzeko.

Aste barruko jarduera horietan parte hartu gura dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute.

Munduko Arrozak, amaierako hitzordu nagusia

Asteko egunik osatuena urriaren 3a izango da. Munduko Arrozak STOA gunean egingo dute 10:30etik aurrera, eta egun osoan zehar gastronomia, tailerrak eta kultura ezberdinetako proposamenak izango dira. Ekimenak aurreko edizioetan ere ehunka lagun batu ditu; 2024koan, esaterako, 450 pertsona baino gehiago elkartu ziren Boulevardeko hitzorduan.

Goizean Munduko zaporeak joko interaktiboa, Marraztu zeure burua tailerra, henna zein tea, fruta-brotxetak eta zeramikaren bidez erretratuak egiteko umeentzako tailerra izango dira, besteak beste. Oporrak Bakean harrera-programa ezagutzeko aukera ere egongo da. Horrez gain, manifestua irakurri, arroz-dastaketa egin eta ohiko herri-arroza prestatuko dute.

Bazkalostean ere jarraituko du giroak. Sari-banaketaren ostean, Amazonas eta Sökoléko kultura-dantza taldeak Erritmoak eta esperientziak emanaldia eskainiko du. Kultura Aniztasunaren Astearen hirugarren edizioa 17:30ean amaituko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun