Martinezen parte-hartzea ez da kasualitatea izan. Aktoreak azaldu duenez, urte asko daramatza Patxo Telleriagaz lanean, besteak beste, euskaragaz, umoreagaz eta euskal kulturaren inguruko begiradagaz jolastu duten hainbat proiektutan. Berak azaldu duenez, 35 urte inguruko ibilbidea egin dute elkarregaz, antzerki komiko eta berezi baten bueltan; horregatik, Kandidan parte hartzea "aukera logikoa" izan dela dio.
Antzezlanaren gatazkaren erdian Klararen pertsonaia dago. Klarak arrakasta handia izan du nobela bategaz, esperientzia pertsonal batean oinarritutako istorio bategaz. Liburuan, bere etxean adineko emakume bat hartu zuela kontatzen du; putre-funts baten erruz etxegabetze batetik zetorren emakumea. Emakume horrek Kandida izena dauka, baina benetako izena Manuela da.

Mikel Martinez Klararen editorea da; bere burua idazle on gisa hartzen duena, baina orain arte arrakastarik izan ez duen editorea. Klararen istorioa arrakasta handia izan dezakeela daki, baina, horretarako, errealitatea berrasmatzea onartu behar dute, literaturaren bidez, Klararen bizitzari beste sentsu bat emateko. Horri esker, liburua argitaratzean, Klararen arrakasta heltzen da, baina badago fama hori kolokan jar dezakeen norbait: Manuela. "Manuela berriro joaten zaio etxera, eta, orduan, berarekin benetan zelan jokatzen duen deskubritzen dugu, baita nobela horretan kontatzen duena ere gezurra dela; bere burua ondo uzteko eta liburu gehiago saltzeko erabilitako gezurra", azaltzen du Martinezek.
Non dago bestearen sufrimendua produktu kultural bihurtzearen muga etikoa?, ze puntutaraino baztertu behar dituzu zure printzipioak gehiago saltzeko? Hor dago antzezlanak aurkezten duen gakoa: "Badaude bi planoak, eta antzezlana oso teatrala da horregatik. Alde batetik, ikusten ari gara errealitatean zer gertatzen den Klararen etxean, harreman horretan benetan zer gertatzen den; eta, aldi berean, ikusten dugu zer idatzi duen". Horrela, ikuslea etengabe mugitzen da benetan gertatu zenaren eta liburuan kontatzen denaren artean.
Patxo Telleriak zuzenduta, Martinezek Nerea Mazogaz eta Miren Gaztañagagaz lan egiten du antzezlan honetan. Hiruren artean, dilema moral horri forma ematen diote. Kandidan, Nereak eta Mirenek era oso kurioso batean destolestu egin behar dira. "Berezia da istorio bietan pertsonaia bera direlako, Klara eta Manuela-Kandida, baina testuinguru ezberdinetan: Beraiek dira bai errealitatean eta bai liburuan. Obran zehar beti gaude saltoka batetik bestera, eta oso joko teatrala da. Batzuetan serioa eta dramatikoa da, eta beste batzuetan oso komikoa", gaineratu du Martinezek. Bere papera, berriz, "apur bat gaiztoa" izatea dela dio, Klararen arrakasta berea dela uste du, eta une batean argi uzten dio idazleari: "zure arrakasta nire arrakasta da". Hala ere, azken erabakia idazleari –Klarari– dagokiola azpimarratu du.
Azaroaren 13an, Kandida ezagutzeko aukera izango da Kultur Leioan. Martinezek ikusleak antzezlanaren joko teatralean sartzea, errealitatetik nobelara eta nobelatik errealitatera egiten duen salto horretan harrapatzea espero du. "Guretzat euskaraz egitea garrantzitsua da. Antzerki ederra, gustagarria eta jendea erakartzea eta jendea ondo pasatzea da printzipala. Eta urtebete pasa eta gero gutxi gorabehera ikusi zuten hori gogoratzen badute, eta hori guztia euskaraz izan dela jakinda, gure helburua beteta egongo da", ziurtatu du berak.